Publiko ugariren babespean

Sariak

2017/03/26

Publiko ugariren babespean

Jean Louis Davantek Eusko Ikaskuntzaren 2016ko Manuel Lekuona Saria jaso zuen bere jaioterrian, Ürrüstoi-Larrabilen.

Ürrüstoi-Larrabileko erabilera anitzeko gelak 100na pertsona inguru jaso zituen, Jean Louis Davanti harrera eta lanaren aitorpena famili giro batetan egiteko.

Ekitaldian Eusko Ikaskuntzako lehendakari Iñaki Dorronsoro eta Ipar Euskal Herriko lehendakariordea, Jean-Michel Larrasquet, Ürrüstoi-Larrabileko alkate Allande Davant eta Battittu Coyos, kaleratu berri den bio-bibliografiaren egilea, izan ziren.

Ürrüstoi-Larrabileko alkate Allande Davant, herrira gerturatu ziren guztiei eskertzearekin batera, Jean Louis Davanten neurriko pertsona herriko bizilaguna izateak suposatzen duen ohorea azpimarratu zuen.

Battittu Coyos “Laudatio” egiteaz arduratu zen, bere biografiaren pasarte nagusienak goraipatuz. Haren euskaltzaletasuna eta euskararen batasunaren alde egindako lana azpimarratu nahi izan zituen. Era berean, oraindik gogoeta ugari egin eta ekarpen interesgarri asko egingo dituen gizona izango dela baieztatu zuen.

Eusko Ikaskuntzako lehendakariak 1983. urtean saria abiatu zenetik, palmaresa osatzen duten 33 pertsonen artean, Iparraldeko seigarrena dela azpimarratu zuen. Bere obra emankor eta anitzak “gogoeta eta jarduera gizona erakusten digu”, “…gure herriaren aberastasun eta konplexutasun guztian, hizkuntza, kultura eta herriaren aldeko lan aktiboa, pasioz betea eta eskuzabaltasuna” adierazi zuen. Halaber, Iñaki Dorronsorok gogoan izan zuen zendu berri den Piarres Charritton, 1999an sari bera eskuratu zuenak.

Jean Louis Davantek esker hitzak besterik ez zituen izan. Bizitzan emandako pausuak egin beharreko ezer bezala azaldu zituen, “Urrats asko egin dut, baina zer balio dute, zer ekarriko dute? Geroak erranen du, oroitzapenik egoten bada”. Zalantzarik gabe, sariak indarra eman zion eta "euskararen, jakintza eta kulturaren eta euskaldunen alde" lanean jarraitzeko.

Jean-Michel Larrasquetek, Eusko Ikaskuntzako Ipar Euskal Herriko Lehendakariordea, Davanten filosofo izaeran arreta jarri zuen eta munduko arazo handiei buruz euskal ikuspegia emateko duen gaitasunaz.

Ekitaldiari amaiera emateko, bertaratuen artean editatu berri den biografia banatu zen, dantza emanaldia egin zen eta Ürrüstoi-Larrabileko udaletxeak hamaiketako bat eskaini zuen.

2017.03.25 Lekuona Saria 2016 (Urrustöi / Zuberoa)

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp