Nola kokatu kultura gure gizartearen erdigunean?

Foroak eta mintegiak

2017/10/19

Nola kokatu kultura gure gizartearen erdigunean?

Galdera honi eta beste batzuei erantzuna ematen saiatu ginen urriaren 26an Iruñean ospatu genuen mintegian.

Eusko Ikaskuntzak abian du herritartasuna eta lurraldeen kohesioa eta elkarkidetza eraikitzeko oinarriak finkatzea bilatzen duen prozesu irekia. Prozesu horretan, kulturak garrantzi haundia du guretzat, proiektatu nahi dugun gizarte horren erdigunean egon behar duela uste baitugu. 

Etorkizunean nahi genukeen gizartea proiektatu ahal izateko, lehenik eta behin, egungo egoeraren analisi sakona egitea ezinbestekoa dela deritzogu, eta horregatik mintegi ezberdinak antolatzen ari gara auzi hauetan murgildu eta lehen urratsak modu partekatuan emateko eta ondorengoak begiztatzeko. 

Esan bezala, mintegi hauen artean kulturarenak garrantzia handia dauka guretzat, proiektatu nahi dugun gizarte horren erdigunean egon behar duela uste baitugu. Horretarako, ardatz honi hasiera eman genion euskal kulturaren alor ezberdinetako (dantza, musika, bertsolaritza, industria, aretoak, literatura, antzerkia, artea, zinema, ilustrazioa, administrazioa…) hainbat ordezkari eta sortzaile bilduz. Izan ere, urriaren 26ean Iruñean mintegia antolatu genuen hiru galdera hauei erantzuna ematen saiatzeko:

  • Etorkizunean, kultura gure gizartearen erdigunean nola koka genezake? Nola helarazi dezakegu kokapen honen garrantzia?
  • Zein bide ireki beharko lirateke egileen eta instituzioen arteko harremana zuzenagoa eta eraginkorragoa izan dadin? Kultur politikak komunean lantzea nola ahalbidetu? 
  • Kulturgileen prekarietatearekin amaitzeko dugun erronkari aurre egiteko zer egin genezake?
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp