Euskal Hezkuntza Sistema: Iparraldeko ahotsa eta azpimarra. Foro partehartzailea

Foroak eta mintegiak

2022/10/24

Euskal Hezkuntza Sistema: Iparraldeko ahotsa eta azpimarra. Foro partehartzailea

Abian dugun Etorkizuneko Euskal Hezkuntza Sistemaren gogoetari Ipar Euskal Herriko ahotsa gehitu zaio, Kanbon, Euskal Konfederazioarekin batera antolatutako foroan.

Euskal Herriko eremu administratibo desberdinetan hasitako Euskal Hezkuntza Sistemarekin lotutako herri-gogoetari jarraipena eman zaio, Euskal Konfederazioarekin elkarlanean, urriaren 15ean Seaskaren egoitzan bildutako foro partehartzailearekin.

Hitzordu honetan, Ipar Euskal Herriko ahotsa jaso ahal izateko, indar berezia jarri da Ipar Euskal Herriko eremu ezberdinetako pertsona gako eta anitzak biltzeko. Hezkuntza publikoa, ikastolak, ikastetxe katolikoak, guraso elkarteak, unibertsitateetako ikerlariak, eragile sozio-ekonomikoak, kultur elkarte eta erakundeak, gizarte zibileko elkarteak eta mugimenduak, Ipar Euskal herriko erakunde desberdinak ordezkatuak izan dira bertaratutako 51 pertsonekin.

Horretaz gain, lurraldetasunaren ikuspegi batetik, Euskal Herri mailako gogoetarako lagin esanguratsua bildu da: Zuberotarrak, Behe Nafarrak, Lapurtarrak, Bizkaitarrak, Gipuzkoarrak, Arabarrak eta Nafarrak elkartuz. Funtsezkoa dena Euskal Herri mailako gogoeta partekatua burutzeko, partekatzen ditugun erronkak eta premiak identifikatzeko eta hauei erantzuteko elkarlanerako aukerak garatzeko.

Eguzki Urteaga (Eusko Ikaskuntza), Sébastien Castet (Euskal Konfederazioa), Maialen Idoate-Pery (Hezkuntza proiektuaren kidea), Hur Gorostiaga (Hezkuntza proiektuaren kidea) eta Beatriz Akizuk (Hezkuntza proiektuaren arduraduna) egitasmoaren eta saioaren markoa kokatu ondoren, dinamika parte-hartzaileak garatu ziren galdera nagusi honi erantzuna bilatzen hasteko: Zer norabide eman behar diogu euskal hezkuntzari? Hausnarketa gidatzeko, bi ardatz nagusien inguruan kokatuko zen eztabaida: Gure herriaren iraunkortasuna eta hezkuntza; gobernantza komunitarioa eta mugaz gaindiko lankidetza.

Saioan jasotako ekarpenak Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Erkidegoan bildutakoekin batera uztartuko dira, ibilbide partekatua marrazteko helburuz.

Euskal hezkuntza sistema: etorkizuna elkarrekin lantzen Iparraldeko ahotsa eta azpimarra

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp