ENE sariaren edizio berri bat abian: hautagaitzen aurkezpena

Sariak

2017/10/25

ENE sariaren edizio berri bat abian: hautagaitzen aurkezpena

Sari honek Euskal Herritik kanpo euskararen sustapenean diharduten eragileen lana aitortzea du helburu.

Zabalik dago dagoeneko ENE Sariaren edizio berri bat, hamabigarren; hain zuzen ere, 2017an zehar euskararen alde egindako lanak aitortzeko. Saria urtero abenduaren 3an banatzen da, Eusko Ikaskuntzaren Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE) ospatzen denean, hain zuzen.

Aurten, urriaren 15etik azaroaren 15era bitartean hautagaitzek era erraz batetan aurkeztu ahal izango dituzte euren buruak sarira. Mundu zabalean euskararen sustapenean gehien nabarmentzen den erakundeak, Eusko Ikaskuntzaren aitorpen publikoa izateaz gain, Nestor Basterretxeak ENErako diseinatu zuen anagramaren burdin eta altzairu herdoilezinezko erreprodukzio bat jasoko du. 

Parte hartu nahi dutenek ondoko galdetegiari erantzun beharko diote: hautagaitza bidali.

Edozein taldek eta erakundek parte har dezake (federazioak izan ezik), baita aurreko urteetan saria irabazi dutenak ere. Izan ere, Eusko Ikaskuntzak euskara eta euskal kultura sustatzeko mundu zabalean aurrera eramaten diren jarduerak ezagutu nahi ditu, hala nola hizkuntzaren irakaskuntza, literatura idatzizko saioak, zinema emanaldiak... eta sortze lan oro (ikusi oinarriak). Epaimahaiak, urtero lez, alderdi kuantitatiboak eta kualitatiboak hartuko ditu kontuan, sustapen ideietan ageri den berritasunarekin batera. Ildo berean, kasu bakoitzaren testuingurua eta baliabideak kontuan hartuko dira.

Euskararen Nazioarteko Eguna Eusko Ikaskuntzak aldarrikatu zuen lehen aldiz 1949an, euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna mundu zabalean aldarrikatzeko helburuarekin

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp