Urteko galdera

Gurutze Ezkurdia-Arteaga, Karmele Perez Urraza, Begoña Bilbao Bilbao / UPV/EHUko GARAIAN ikerketa taldekideak

28/09/2020

Gurutze Ezkurdia-Arteaga, Karmele Perez Urraza, Begoña Bilbao Bilbao / UPV/EHUko GARAIAN ikerketa taldekideak

Krisi garaiak etengabe biziko ditugu, hala ekonomikoak, nola politikoak edo azken honetan, osasun krisia COVID-19ak eragindakoa. Berez, krisia aldaketa da, eta nahitaez, etorkizuna kolokan jartzen digun egoera. Hori horrela, jakina da gizakiek zein herriek, ziurtasuna eta esperantza behar dituztela etorkizunari aurre egin ahal izateko.

Euskal Herrian hezkuntza sistemaz hitz egitean, oinarrizkoa da argitzea, alde batetik, bi hezkuntza estatalen menpeko garela eta, bestetik, Euskal Herria  herri soziokulturala dela, euskararen lurraldean eta euskaraz bizi den herria, Estaturik gabekoa. Euskararen lurraldea erakundetze bidean dago oraindik. Hegoaldea, Espainiako autonomien legepean antolatuta dago, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Nafarroako Foru Erkidegoan banaturik, Frantziako lurraldean, berriz, Euskal Hirigune Elkargoa dago onartuta. Baina, herri gisa eta errealitate kultural gisa, bidegurutzean aurkitzen da Euskal Herria, anabasaren erdian noraezean, hil ala biziko erabakiak hartu beharrean, herri eta gizarte bezala, etorkizunari eutsi ahal izateko. Erabakien artean dago, besteak beste, Estatu subiranoa izan nahi duen ala beste Estatuekin hitzartutako antolaketa juridiko-administratiboetan jarraitu nahi duen. Azken aukera hau balitz, autonomien arteko elkarte bat adostu beharko litzateke bere hizkuntza eta kultura erreproduzitzen jarraitu ahal izateko, euskararen eta euskal kulturaren etorkizuna horretan datza-eta. Egoerari aurre egiteko, azterketa eta hausnarketa sakonak planteatu beharko dira, ondoren proiektuari irudia eta bidea emateko. Oraingo honetan, hezkuntzaren egoeraz mintzatzeaz batera, azterketa laburra garatu gura genuke, beti ere argi delarik analisiak Euskal Herri mailakoak izan behar duela, maila politiko, ekonomiko, sozial eta kulturalekoak. Ondoren, bada, etorkizunerako zenbait funtsezko ideiak proposatzen ausartuko gara.


XX. mendean lortutakoak

Estatuen mailan, XIX-XX. mendeetan Hezkuntza Sistema modernoak antolatu ziren iraultza industrialari eta liberalari erantzuteko. Derrigorrezko alfabetatze unibertsalaren bidea antolatu zen, eta hiritarrak eta langile trebatuak hezi ziren. Hasierako helburua populazioaren oinarrizko alfabetatze orokorra izan bazen ere, industriaren eta teknologiaren garapenari erantzuteko, XX. mendean zehar, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Unibertsitate ikasketak burutzeko aukerak hedatu ziren.

Euskal Herriko lurraldeetan bi Hezkuntza Sistema ezarri dira, frantsesa eta espainiarra. Frantziaren kasuan, Hezkuntza Sistema zentralizatua da indarrean, Estatu guztiarentzat berbera. Espainiakoan, aldiz, zentralizatua den arren, Autonomia Erkidegoek badituzte zenbait eskumen, beraien irakasteredua eta curriculuma garatzeko, beti ere, lege organikoak diren heinean, espainiar guztiek bete behar dituztela gogoan hartuta. Irakaskuntza ez unibertsitarioan eskumenak dituzten autonomien esku geratzen da edukien % 45aren garapena definitzea, eta beste % 55a Estatuaren eskuetan geratzen da.

Euskararen  eta Euskal irakaskuntzaren historiatik abiatuta, baieztatu behar da euskarazko irakaskuntza XIX. mendetik XX. era aldatzean aldarrikatu zela. Euskal Pizkundearen eraginari esker sortu ziren lehen ikastolak -Azkue, Muñoa…-, Euskaltzaindia edo Eusko Ikaskuntza. Oñatiko Euskal Ikaskuntzen kongresuak, lehen eskola elebidunak antolatzea ekarri zuen, Bizkaian 200 auzo eskola inguru zabalduz. Espainiako II. Errepublika garaian, ikastolak eta unibertsitatea -Medikuntza eta Erizaintzaren Fakultatea- antolatu ziren, unibertsitate publikoaren aldarrikapenari eta euskal gizarteak zituen beharrizan handiei erantzun nahian.

Altxamendu faszistak eta Europako II. Gerla Handiak utzi zuen anabasaren ondoren, XX. mende erdian, Euskal Berpizkundea garatu zen, eta hor, euskara batua finkatu zen, eta etxe-eskolak ikastola bihurtu ziren. Horrezaz gain, euskara, euskal kultura, eta euskal pentsamendua hedatuz joan ziren, eta txiki, gazte zein nagusien euskalduntzea zein alfabetatzea bultzatu ziren. Bestalde, Espainian Trantsizio garaietan pedagogia berritzaileak garatu ziren, eskolarako materialak sortuz eta testuliburu berriak argitaratuz.

1978ko Konstituzioaren garaietan, Espainia autonomikoa antolatzeaz batera Euskadi eta Nafarroako Erkidegoak gauzatu ziren, eta  lehenengoan euskarari hizkuntza ko-ofizial izaera onartu zitzaion arren, Nafarroako Foru Erkidegoan zonaldekako banaketaren ondorioz, euskara ipar haranetan da ko-ofiziala. Horrez gainera, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketak bultzatu eta berriztu ziren, baita, Unibertsitate Publikoa sortu ere, 1980an Euskal Autonomia Erkidegoan, eta 1987an Nafarroako Foru Erkidegoan.

1990ean, LOGSE legeak antolaketa autonomikora egokitu eta bihurtu zuen Espainiako Hezkuntza Sistema. 1992tik aurrera, Hezkuntza Sistema berriztu eta Curriculumaren legea ezarri zen, EAEren kasuan, NFK eta Iparraldean ez bezala, 1992an Euskal Eskola Publikoaren legea osatu zen. Lege horren bidez eskola eta ikastetxeak hiru saretan antolatuta egotetik, publiko-pribatu izatera pasatu ziren.

Harrezkero, Euskadin euskaraz ikasteko aukera bermaturik dagoela esan genezake. Nafarroan, berriz, egoera desberdina da eskualdeka antolatuta baitago. Ipar Euskal Herrian –Hegoaldean bezala- Ikastoletako sare pribatuan, Seaskan, aukera dagoen arren, sare publikoan euskaraz ikasteko bidea, pixkanaka ari da irekitzen. Edozelan ere, EAEn Eusko Jaurlaritzako datuek erakusten dutenez oinarrizko hezkuntzako %73,27 ikasle matrikulatu ziren D ereduan 2014/15 ikasturtean, eta 2019/20an %77,68 euskaraz ikasteko sare publikoan. Euskararen ezagutzari dagokionean, Kulturaren euskal behatokien datuen arabera, zazpi puntu handitu da ezagutza hori hamar urtean EAEko 15 urtetik gorako biztanleen artean.

Beraz, ahalegin historiko handiaren ondorioz, datuak datu, euskararen ezagutzak gora egiten duela esan genezake, modu desorekatuan, lurralde bakoitzean. Hala ere, hizkuntzaren erreprodukzioa lortzen ari bada ere, kulturaren erreprodukzioa nekez burutzen da hezkuntza sistemaren bidez (Perez, Bilbao, Ezkurdia, 2004).

2000. hamarkadan aldi berria zabaltzen da, teknologiaren erabilerak iraultza  baten atarian jartzen gaitu-eta. Hogei urte honetan aldaketa sakonak eta gizartearen komunikazioak, industriaren laugarren iraultzara eraman gaituela esan genezake. Digitalizazioak gure bizitza osoan izan duen eragina, hezkuntzara ere heldu da. Hezkuntza Sistemaren errotiko aldaketa ezinbestekoa zela aurre ikusten genuen arren, Neli Zaitegik behin baino gehiagotan esan duen moduan, XXI. mendeko biztanleak hazten eta hezitzen ari gara, XX. mendeko tresna eta curriculumekin. Etorkizunak erronka berriak irekitzen dizkigu.


XXI. mendean, oraindik lortzeke ditugunak


Curriculumaz

Curriculumaren legea Espainiako Estatuan 1992koa da, Espainia mailako legea, autonomia erkidegoetan eskumenen bidez egokitu eta moldatu dena. XX. mende hasieran egindako ikerketetan,  Bilbaok (2002), Perez Urrazak (2004) eta Ezkurdiak (2004) argi ondorioztatzen dute, euskarazko irakaskuntzan zein beste hizkuntzetan egiten denak, euskaraz izan arren, ez duela hurbileko euskal herrietako ezagutza bideratzen, oro har, eta bai ordea, ezagutza homogeneoa, Estatuko edozein autonomiatan, herritan edo eskualdetan koka daitekeena, eta batez ere, ezagutza hegemonikoarekin lotura duena. Honek bidea ematen digu baieztatzeko, batetik autonomiek markatzen duten curriculuma lantzen dela, hau da, Estatuaren egokitzapena, eta oro har, ez dela Euskal Herriaren izate soziokulturalaren ezagutza bideratzen.

Gaur egun, EAE-n Heziberri 2020 plana burutu da. Bertan, Eusko Jaurlaritzaren lege aginduen bidez, hezkuntza sistemaren hobekuntza bilatzen da. Arazoa da, plan honek EAE-n bakarrik duela ezarpena, eta agian, Iparraldeko eta Nafarroako lurraldeetan dauden ikastolen sare pribatuan. Plan horretan hizkuntzen tratamendu hiru-eleduna bideratzen da, eta, euskarari aparteko indarra eskaintzen zaion arren, oinarrian ez dago euskaraz eraikitako ezagutzak, tokian-tokian landuak direnak, bere osotasunean lantzeko proposamenik.

Etorkizuneko curriculumean euskarak eta euskal ezagutzak ardatz izan behar du, hiru lurralde administratiboetan bateraturik, eta gure kulturaren erreprodukzioa  bideratzen duelarik. Euskal hiztun osoak behar ditugu, ez soilik euskaraz ari direnak, ezagutza unibertsaletik harago, euskal oinarrizko kultura-ondasunean heziak izan direnak. Arrazoia agerikoa da, ez dagoela gizarterik, bere hizkuntzaren eta kulturaren erreprodukziorik gabe bizirik iraungo duenik. Beraz, hil ala biziko leia da.

Era trinkoan bildurik aipatu beharrekoa da curriculumak jaso beharko lituzkeen ardatzen artean, jarraikoak direla oinarrizkoak:

  • Gizabanakoa, bere ezaugarri pertsonaletan, autonomia eta heldutasunean ulertua.
  • Taldea, gaur eguneko gizarte kontraesanak oinarri hartuta: arraza edo etnia, generoa, adin eta klase ikuspegiak. Gainera, Euskal Herriko curriculumak estaturik ez duten herri soziokulturalen ezaugarriak jaso beharko lituzke, erreprodukzio kulturala hezkuntzaren bidez bideratu ahal izateko.
  • Diziplinarteko ezagutza curriculumaren oinarria: zientzia zientifiko-teknikoak, giza eta gizarte zientziak, gizabanakoari buruzko ezagutza partikularrak eta talde ezberdinen jatorrizko kulturetan dauden ezagutzak.


Praktika pedagogikoaz

XXI. mendeko eskolak praktika pedagogikoari begiratu behar dio metodologia zehatzak erabiliz irakaste-ikaste prozesuetan. Beharrezko da hori, ikasle bakoitzak bere gaitasunak modu osoan gara ditzan, pentsamenduaren eraikuntza partikularretik ezagutza kolektiboa eraikitzeko. Horrezaz gain, metodologia aktiboak eta parte hartzekoak erabiltzea ezinbestekoa da ikasleak bere ezagutza prozesua eraiki dezan. Metodologia aldaketak espazioaren berrantolaketa eskatzen du, ikasgelarena ezezik, eraikuntza osoarena ere bai, partekatuko diren leku ugari egon daitezen. Hau da, naturarekin lotura zuzena duten espazioak ere beharrezkoak dira, naturarekin ikasketa zuzena izateko bidea zabaltzen dutenak. Badakigu ikastea prozesua dena, gutariko bakoitzak bere erara gauzatzen duena. Berba laburretan, guk aukera emango diogu ikasleari bere bidea egiteko adin-taldearen menpe egon barik.  Beraz, antolaketa malgua ezinbestekoa da.

Aipatu ditugun metodologia horiek maisu-maistren prestakuntzan –irakasleen prestakuntzan oro har-, ere erabiliko dira, oinarrizkoa baita euren lanerako. Horrez gainera, ikasketa komunitateak garatu behar dira, metodologia bereziak erabiliz, praktika onak burutuz, eta ikaste-irakaste prozesuen ebaluazio etengabea ezarriz.


Hezkuntza Sistemaz

Nolako Hezkuntza Sistema behar dugun erantzun aurretik argitu behar duguna da sistema horiek estatuarenak direla, zeren Euskal Herria entitate sozio-kulturala baita, lurralde administrazio desberdinetan zatitutako lurraldea, Estatu desberdin biren menpe bizi dena.

Gaur egun, ekimen pribatutik sortu den Ikastolen sarean, Euskal Herri mailakoan, euskal curriculuma lantzeko ahalegin handiagoak egiten diren arren, EAEn Euskal Eskola Publikoaren legeak, euskarazko eredua neurri handian indartzea ekarri du. Hala ere, curriculumaren garapenean ez dago oinarri soziokulturalari dagokion ezaugarririk, ofizialki behintzat.

Beraz, Estatu propiorik ez daukagunez, sakabanaketa administratiboaren markoan, Hezkuntzaren oinarriak eta curriculumaren ardatz nagusiak adostu daitezen proposatzen dugu. Proposamen horren arabera, lege, hitzarmen edo beste zerbaiten bidez gauzatuko litzateke, eta gure izaera soziokulturalaren transmisioa bermatuko luke.

Premiazkoa da, ezinbestekoa, bizirik irauteko, Euskal Herriko izaera soziokulturalean oinarritutako ezagutza bultzatzea, identitate kulturalaren ezaugarriak mantentzea nahi bada. Ezinbestekoa da hiru lurraldeen artean koordinatu eta amankomuneko oinarri sendoetan oinarritutako Hezkuntza Sistema propioa sortzea. Hau da, zentro bakoitzaren autonomia bermatuko duena, publikoaren nahiz pribatuaren kudeaketa, familien, gurasoen, herri eragileen partehartzea jagongo duena; ingurune natural eta hiritarraren arteko oreka eta ezagutza aintzat hartuko dituena; eta ezinbestean, tokian tokiko ezagutzatik ezagutza unibertsalera abiatuko den curriculumaren ezarpena ekarriko duena.


Eusko Jaurlaritza

Partager:
Facebook Twitter Whatsapp

AUTRES RÉPONSES EN 2020