Nouvelle corporatives

01/09/2008

Eusko Ikaskuntzaren 90. urteurrenean

Udazken honetan 90 urte beteko dira Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresua egin eta ondoren, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Diputazioen babesarekin Eusko Ikaskuntza sortu zenetik. Hori dela eta, Eusko Ikaskuntzaren iragan eta orainaren inguruko zabalkunde lana aurreikusi da, abenduaren 22an (Batzorde Iraunkorra sortu zeneko 90. urteurrenean) izango den ekitaldi batekin efemeridea ospatzeko ekitaldiarekin bukatuz. Ekitaldia Donostiako Aquariumean egingo da eta bazkide guztiak gonbidatuko dira bertara.

Eusko Ikaskuntzaren I. Kongresua Oñatin egin zen 1918ko irailean, euskal kultura zabaldu, ikertu eta herrialdeko zientzia eta gaurkotasuneko arazoentzat konponbideak proposatu eta "erakundea, euskal lurraldea maite duten guztiek osatua, Kongresuaren lanari jarraipena eman eta gure kulturaren berpizkundearen bateratzaile eta zuzentzaile" izan zedin.

Erakundea sortzerako garaian fundatzaileek nabarmendu zituzten helburu nagusiak honokoak izan ziren: autonomia politiko-administratiboa eta Euskal Unibertsitate baten sorrera. Partiduez gaindiko erakundeak (baina ez apolitikoa), "Euskal Herriko pertsonalitatearen zaharberritzea nahi duten herria maite duten guztiak biltzea" zuen jomuga, "helburu horretarako ezinbesteko baldintza gisa kulturaren intentsifikazioa (...) proposatzeko helburuarekin".

Idoia Estornések idatzi duenez "zenbait euskaldun biltzen ditu tolerantzia fede jarduera bat bailitzan, seguru asko errepika ezina, iraganeko zorrozkeriarekin eta ideologia borrokak gobernatutako orainarekin hautsi nahian. Eusko Ikaskuntzako kideek uste izan zuten, lana zaila izan arren, egin zitekeela. Eta hori, bat egiteko baldintzarekin, beren kolore politikoari uko egin gabe, baizik eta bertatik, estalki komun bat bilatzeko lanean".

Partager:
Facebook Twitter Whatsapp