Ipar Euskal Herritarren arteko balio partekatuak euskararen sustapenaren inguruan
Proiektu honen helburua da Ipar Euskal Herriko herritarren arteko euskararen sustapenari buruzko balio partekatuak identifikatzea eta aztertzea. Ipar Euskal Herrian 80. hamarkadatik 2000. hamarkadara euskararen inguruan iritzi aldaketa sakona gertatu da, baina gaur egun kontrako mugimendu gutxi bada ere, kontsentsua berritzeko eta berrindartzeko bideak identifikatu, aztertu eta plazaratu behar dira.
sarrera
Bost urtean behin egiten den inkesta soziolinguistikoak erakusten du Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan kontsentsu soziopolitiko bat badela euskararen inguruan. Edo eztabaida ez dela polarizatua gai horren inguruan. Era berean, eztabaida publikoan (hedabideetan, ordezkari politikoen adierazpenetan, eragileen jarreretan…) euskararen kontrako eztabaida gutxi entzuten da. Egoera hori ez da beti horrelakoa izan eta paradigma aldaketa onargarria da. Baina errealitate hori, zeren erakusle da? Hots, zer adierazten du 2000. urtetik eraiki den kontsentsu soziopolitikoak?
Egun aldaketa soziodemografiko sakonak bizi ditu Ipar Euskal Herriak: lurralde erakargarri izateak kanpotik jende asko instalatzera dakar, bertako kultura gutxituz eta frantses kultura bakarraren hegemonia handituz. Gaur egun, Ipar Euskal Herrian bizi den biztanleriaren erdia Euskal Herritik kanpo sortu da (eta gehiengo nagusia frantses estatuan). Horri gaineratu behar zaio Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberoan euskararen biziberritzeko lege babesik ez dela eta hizkuntza politika publikoa krisi ekonomiko eta politiko batean murgilduta dela azken hiru urteetan. Amaitzeko, Frantzia mailan diren eztabaida batzuek zuzenean eragina dute euskararen inguruko diskurtso, iritzi eta jarreretan.
Testuinguru orokor eta aldakor horretan, Ipar Euskal Herriko biztanleriaren baitan ikertu nahi dena zera da:
- Nola identifikatzen ahal dugu zehazki gaur egungo kontsentsu soziopolitikoa? Historikoki nola eraikia izan da?
- Non identifikatzen dira adostasun azkarrak euskararen babesaren eta sustapenaren inguruan? Non gordetzen dira desadostasunak, krispazioak, ez ulertzeak eta erresistentziak?
- Zein lirateke diskurtso eraberritu baten oinarriak eta baztertu beharko lirateke elementu erretorikoak?
- Zein lirateke eragile eta gizartearen proaktibotasuna sustatzeko palankak.
ekarpena
Aurkezten dugun proiektu hau Nafarroan, Xabier Erize (soziolinguista, Filologian doktorea) eta Carlos Vilches (soziologoa, Soziologian doktorea) Euskararen sustapena Nafarroan, erresonantzia soziala duten elementu diskurtsiboetatik abiatuta proiektuan oinarritzen da. Nafarroan egin den ikerketa Ipar Euskal Herrian egiteak, euskararen lurralde osoaz bizi dituen aldaketa sakonak hobeki identifikatzea ekarriko du.
Horrez gain, hainbat arrazoiengatik, ikerketa gutxi egiten dira Ipar Euskal Herrian. Lan honek lurraldearen ezagutza finagoa ekarriko die bertan lan egiten duten instituzio publiko eta eragile sozialei.
Egoera soziolinguistiko desberdinak izanagatik ere, Nafarroa, EAE eta Ipar Euskal Herriak elementu komun asko dituzte eta bata ezagutzeak bestea hobeki ulertzea dakar.
helburuak
- Gizarteak eta eragileek euskararen sustapenari buruz duten iritzia zehazki ezaugarritu.
- Ipar Euskal Herritarren arteko balio partekatuak euskararen sustapenari buruz identifikatzea eta aztertzea.
- Adostasun eta desadostasun sozialak lortzen dituzten euskararen sustapenari buruzko balio eta diskurtso desberdin nagusiak identifikatzea eta aztertzea.
- Eragile eta gizartearen proaktibotasuna sustatzeko palankak identifikatzea.
metodologia
Ikerketarako metodo desberdinak erabiliko dira:
- Ikerketen analisia: euskararen inguruko balio partekatuen, kontsentsuen eta diskurtso berrien prismatik azken bost urteetan Ipar Euskal Herrian argitaratu diren ikerketen analisia.
- Eztabaiden azterketa: 2026ko martxoko herri hauteskundeen, eztabaida publikoaren diskurtsoen erresonantzia azterketa.
- Eztabaida kualitatiboak: Ipar Euskal Herriko errealitatea osatzen duten gizarte-taldeekin eztabaida taldeak, ikerketa gaiaren inguruan dauden diskurtsoak deszifratzeko.
ikerketa taldea
Eusko Ikaskuntzaren gidaritzapean, ikerlana PLAZARA Euskara, erdigunera elkarteak burutuko du: helburuak eta metodologia finkatu, ikerketa garatu eta emaitzen txostena egin.
PROIEKTU KUDEATZAILEA:
Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat datorren proiektua:



