Noticias corporativas

01/10/2007

Eusko Ikaskuntzak Euskal Herriko flora eta faunari buruzko dokumentu funts handiena biltzen du

12.000 orri baino gehiago eta 10.000 argazki inguru dauzka ADEVE, Asociación para la Defensa de las Especies en Vías de Extinción -Eusko Jaurlaritzak herri onurakotzat aitorturiko- elkarteko argitalpen funtsak, zenbait hilabete barru osorik kontsultatu ahal izango dena Eusko Ikaskuntzako Euskomedia Fundazioaren web gunean.

Joan den urriaren 1ean, Josemari Velez de Mendizabal, Eusko Ikaskuntzako gerenteak, Fernando Pedro Pérez, ADEVEko Lehendakariak eta Arantza Cuestak, Euskomediako zuzendari gisa (argazkian), Internet bidez Naturaren kultura zabaltzeko eta bioaniztasunaren azterketa eta ezagutza bideratzearren erakunde biek sinaturiko hitzarmena aurkeztu zuten komunikabideen aurrean.

Hitzarmena betez, Eusko Ikaskuntzak, bere Euskomedia Fundazioaren bidez, zabaldu egingo du, inolako interes komertzialik gabe, ADEVEren funts bibliografiko osoa, zeinak gaur egun euskaraz idatzitako 84 argitalpen dauzkan, Euskal Herriko lurreko zein itsasoko fauna eta florari eta bertako naturgune guztiei buruzkoak. Era berean, datu baseari erantsi egingo zaizkio bi aldizkarion ale guztiak: Naturaren Ahotsa, elebiduna, eta Euskal Herriko Natura, bi hilabetean behin euskaraz argitaratzen dena. Etengabe hazten ari den funtsa izanik, etorkizunari begira, ADEVEk sortuko dituen eduki zientifikoak eransten joatea aurreikusi da.

Natura sustatzea

Josemari Velez de Mendizabalek aurkezpenean adierazi zuenez, "Sare bidezko naturaren zabalkunde eta azterketari dagokionez, euskal erreferentzia handia izateko bokazioarekin sortzen da hitzarmen hau". Inolako kosturik gabe bideratuko den informazio bolumen handiak erabilera garrantzitsua izan dezake, batez ere hezkuntzaren munduan. Era berean, eduki horiek hitzarmena sinatu duten Udalei formatu desberdinetan eskaintzea aztertzen ari da Eusko Ikaskuntza.

Jadanik, Euskonews Gaztea aldizkaria hasi egin da material horiek bere asteko aleei eransten eta, funts horretan oinarriturik, naturari buruzko lanak egitera bultzatzea izango du etorkizun hurbileko helburu. Hori guztia naturaren kultura zabaltzeko eta horren ezagutza gizarte osoarengana bideratzeko eta aldez aurreko eta funtsezko premisatzat harturik natura aintzat hartu, zaindu eta kontserbatzeari begira.

Compartir:
Facebook Twitter Whatsapp