Noticias corporativas

01/10/2006

Euskaldun Unibertsala Sariak Auñamendi Entziklopedia saritu du, gaur egun Eusko Ikaskuntzako plataforma digitalaren barrenean dagoena

Auñamendi Argitaletxeak 2006ko Euskaldun Unibertsala Saria jaso du, Eusko Jaurlaritzako Idazkaritza Nagusiak eta Euskadiko Kutxak emana, Bernardo eta Mariano Estornes Lasa sortzaileek eta horien ondorengoek, Idoia eta Garikoitz Estornes Zubizarreta anai-arrebek, buruturiko "lan nekaezinaren" aitorpen gisa.

Epaimahaiak ondokoa adierazi zuen Auñamendiz: "Gerra aurreko eta gerra osteko euskal ikerlarien arteko lotura eta jarraipenaren erakusle ere bada argitaletxe hau. Jasan behar izan zituen zentsura eta kultur errepresioaz gain, gaur egunerarte erreferente izan diren argitaletxe eta entziklopedia oso bat abian jartzen jakin izan zuen".

Auñamendi Euskomedian

Badu sei urte Eusko Ikaskuntzak, Euskomedia Fundazioaren bidez, Auñamendi Entziklopedia digitalizatu eta Sarean jartzeko ardura hartu zuela, Bernardo Estornes Lasa Fondoa izenarekin. Inprimaturiko bertsioaren lehenengo 57 liburukietan, Entziklopediak 30.000 orritik gora dauzka, 143.703 hitz (Encyclopaedia Britannicak baino gehiago), 53.992 irudi eta 155 milioi karaktere.

Obra horren tratamendu, kudeaketa eta zabalkundea helburu, 2001 urtean Euskomedia Fundazioak baliabide informatiko ahaltsu bat eratu zuen, hala Entziklopedia nola Eusko Ikaskuntzaren gainerako dokumentu, irudi, grafiko eta argitalpen fondoak kontsultatzea ahalbidetzen duena. Era horretara, informazio horren guztiaren ardatz integratzaile eta egituratzaile gisa ageri da gure erakundea.

Obra eskerga hori Sarean jartzeaz gain, Eusko Ikaskuntzak, Eusko Jaurlaritza eta Euskal Autonomia Erkidekogo Aurrezki Kutxen (Kutxa, BBK eta Vital Kutxa) dirulaguntzaren bidez, Entziklopedia eguneratzeko lanetan dihardu. Gaur egun, 20.000 hitz ex novo sortu eta eguneratu dira, hots, 30 milioi karaktere, 15.000 argazkirekin batera. Aurreikusitakoaren arabera, hurrengo hilabeteetan aurreko horiei azkeneko sei liburukiak gehituko zaizkie, eta behin hori eginda, osaturik geratuko da hirurogeiko hamarkadan Estornes familiak abiaturiko corpus entziklopedikoak.

Compartir:
Facebook Twitter Whatsapp