Euskararen mintza-ekosistema naturalaren iraunkortasunerako hurbilketa teoriko bat egin eta herritarrek hizkuntza komunitate gisa osatzen duten sistema ahalmentzea ditu helburu.
2012ko abenduan Eusko Ikaskuntzak eta Soziolinguistikaren Klusterrak hizkuntz ekologiaren Diskurtsoa sozializatzeko eta hizkuntza Komunitatearen sistema Ahalmentzeko (DiKomA) ekimena abian jarri zuten.
DiKomA proiektua udalerri euskaldunetan lantzeko ideiarekin sortu zen, eta horretarako bi helburu nagusi aurreikusi ziren: euskararen mintza-ekosistema naturalaren iraunkortasunerako hurbilketa teoriko bat gauzatzea eta herritarrek hizkuntza komunitate gisa osatzen duten sistema ahalmentzeko herritarrekin prozesu parte-hartzaileak bideratzea.
Helburu horiek lortzeko proiektua hiru faseko ibilbide batean diseinatu zen: lehen fasean hurbilketa teoriko bat lortzeko ekimenaren oinarriak finkatu ziren; bigarrenean, herritarrekin zuzenean elkarlanean, diskurtsoa zabaltzeko eta herritarrak ahalmentzeko nolakoa izango beharko zen lehen ideia bat jorratu zen. Orain, hasi berri den hirugarren fasean, jasotako emaitzak aztertu eta baloratu behar dira, eta proposamen berriak zehaztu.

Proiektua lau udalerrietan garatu da, horietako hiru Eusko Ikaskuntzarekin hitzarmena dutenak eta UEMAKo kide diren Oñati, Zumaia eta Bermeo udalerri euskaldunak, eta laugarrena, aldiz, aurrekoak baino biztanle kopuru handiagoa eta erdalduna den Errenteriako udalerria.
Orain arteko prozesuan unibertsitate alorreko adituak, erakundetako teknikari eta arduradunak, administrazio alorreko arduradunak eta partaidetza prozesuetako espezialistak osatutako lan talde batek DiKomA proiektuaren oinarriak osatzen lagundu zuen ekarpenen bidez. Otsailera bitarte, bigarren fasean, lau udalerrietan interbentzio fasea egin zen, prozesuko ondorioak jaso ziren udalerri bakoitzetik eta ondorio nagusi orokorrak zehaztu ziren.
Martxotik azarora bitarte abiatu den fasean, eztabaida karta-joko honen aplikazio aukerak, hobekuntza proposamenak eta prototipoaren proiekzio sekuentzia irudikatzeko helburu zehatzak planteatzen dira.
Jada martxan jarri izan den azken fase honetan EkoLinguA prototipoaren proiekzioan lanean aritu da proiektuaren Garapen Taldea. Baliabide honen hobekuntzak jarraituz, fase honetan ere baliagarria aurreikusi den esperientzia pilotu hau hiru eremu berrietan gauzatuko da, interbentzio sektoriala eginez: Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaritzako teknikariekin, UEMAko teknikariekin eta Ikastolen Elkarteko teknikariekin.
DiKomA ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Errenteriako Udala, Oñatiko Udala, Zumaiako Udala eta Bermeoko Udalaren babesa izan du; eta ezin ahaztu, Elhuyar Aholkularitzaren parte-hartzea dinamizazio eta didaktika lanetan jasotako ekarpena.
