Noticias corporativas

01/05/2008

Aramaiok gogo beroz hartu zuen 2007ko Manuel Lekuona Saria Sabin Salaberriri ematea

Apirilak 20an, igandea, Eusko Ikaskuntzaren 2007ko Manuel Lekuona Saria Sabin Salaberri arabar musikariari emateko ekitaldia egin zen Aramaion. Omenduaz gainera, bertan parte hartu zuten Xabier Agirre Arabako Diputatu Nagusiak, Xabier Retegi Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak, Asier Agirre Aramaiako Alkateak eta Josemari Velez de Mendizabal musikagilearen biografiaren autoreak.

Bilera aretoa jendez mukuru zegoela, Lekuona Saria hartzen duen bosgarren arabarra izatea nolako ohorea den adierazi zuen Sabin Salaberrik, "bikain"tzat jo zituen pertsonaia ospetsuen ondotik: Odon Apraiz, Gerardo Lopez de Guereñu, Micaela Portilla eta Armando Llanos. Eta saria eskaini zien "nire ibilibidean lagundu didatenei, horiek gabe ezinezkoa izango zen eta".

Xabier Retegi Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak nabarmendu zuen sarituak direla "sariari garrantzia ematen diotenak, eta gaur Manuel Lekuona Saria indarturik geratu da". Bere mintzaldiaren beste une batean Retegik azpimarratu zuen Salaberriren jardueran euskara, "gure kulturaren ezaugarria", oso presente izan dela beti. Asier Agirre Aramaiako alkatea, bere aldetik, harrotasunez betea agertu zen herriak "Euskal Herriaren kultura hainbeste aberastu duen" seme kutun bat izateaz.

Sendotzen ari den Saria

Ekitaldira etorritako pertsonek Josemari Velez de Mendizabalek idatzitako biografiaren ale bana jaso zuten. Biografoak Sabin Salaberriren bizi jarduera eta ibilbidearen laburpena egin zuen, pasadizo dibertigarriak tartekatzen zituela. Xabier Agirre Arabako Diputatu Nagusiak ohar autobiografikoa jarri zuen omenaldian, Salaberrik 1968tik zuzentzen zuen Araba Abestzan sartzeko azterketa gogoratzean: "Sartzeko hautaproba egin nuen eta esan zidan bigarren tenorea nintzela".

Bizente Goikoetxea Abesbatzak alaitu zuen zeremonia, Sabin Salaberrik sorturiko errepertorioaren pieza batzuk abestuz; era berean, sarituari buruzko ikus-entzunezko labur bat proiektatu zen Eusko Ikaskuntzak ekoizturikoa Euskomedia Fundazioaren bidez.

Compartir:
Facebook Twitter Whatsapp