Eusko Ikaskuntzak jatorria gogora ekarri du

Mendeurrena

Eusko Ikaskuntzak jatorria gogora ekarri du

Ordutegia eta data:
2018/06/02 10.30
Tokia:
Santa Ana Udal Antzoki. Oñati

Bazkide beteranoenak eta ehun urteetan lehendakari izan dituenak omendu ditu Eusko Ikaskuntzak Oñatin egindako batzar hunkigarrian, Mendeurrenaren ospakizunen baitan.

Eusko Ikaskuntzako lehendakariek eta bazkide beteranoenek omenaldia jaso dute gaur Oñatin. Gipuzkoako herri horretan, hain zuzen ere, 1918an Eusko Ikaskuntzako lehen Kongresua egin zen eta berrogei urteko debekuaren ondoren,1978an, Eusko Ikaskuntza birsortzeko ekitaldia egin zen bertan.

Eusko Ikaskuntzako urteroko batzarra ospakizun eta festa giroan egin da, erakundearen mendeurreneko ekitaldien baitan. Foruen plazan Oñatz Dantza Taldeak harrera egin die bertaratutakoei eta ondoren Santa Ana antzokira joan dira, han izan baita ekitaldia.

Iñaki Dorronsoro lehendakariak eta Mendeurrena antolatzeko batzordeko lehendakari Xabier Alkortak hitz batzuk egin ondoren, Ohorezko Bazkide izendatu dute Oñatiko herria, Mikel Biain Berraondo alkatearen bidez. Horrekin, Eusko Ikaskuntzak onarpena egin nahi izan dio erakundearen historiarekin lotura banaezina duen herriari, eta Oñatiko herriari eskerrak eman dizkio babesagatik eta bertan antolatu diren hitzorduetan izandako harreragatik. 

Jarraian, duela berrogei urte, 1978an, berreraikitze prozesuko kide zirenei omenaldia egin zaie. Ekitaldi honetarako Belén Moreno artistak diseinatutako pieza bana oparitu diete.

Ehun urte hauetan Eusko Ikaskuntzak zazpi lehendakari izan ditu: Julián Elorza (1918-1936), José Miguel de Barandiaran (1978-1991), Gregorio Monreal (1992-1996), Juan José Goiriena de Gandarias (1997-2002), Javier Retegui (2003-2008) eta Joxe Mari Muñoa (2008-2012), egun presidente den Iñaki Dorronsoroz gain. Omenaldian zehar bakoitzaren lehendakaritza garaiak gogoratu dira eta Eusko Ikaskuntza zuzentzeko ardura beren gain hartu zuteneko etapak eta egoera historikoak goratu dira, bai eta egindako ekarpen konkretuak ere. 

Ohorezko aurresku batek itxi du Eusko Ikaskuntzarentzat eta Oñatiko herriarentzat berezia izan den eguna.


Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako Aldundiek sortu zuten Eusko Ikaskuntza 1918an. Duela mende bat euskal gizartearen kezkei bide eta eduki ematen die helburu bikoitzarekin: batetik, gure kultur pertsonalitatea sendotzea eta, bestetik, zenbait gizarte erronka ikuspegi prospektibotik lantzea. 

Bide horretan, hiru urte lanean daramatza Eusko Ikaskuntzak, bost alor handiren azterketa egin eta etorkizuneko eszenatokiak definitzeko. Egitarau honek udazkenean izango den Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuan aurkeztuko ditu emaitzak

Omenaldi Batzar Nagusia