Agenda

2018ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Sariaren emate ekitaldia

Sariak

2018ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Sariaren emate ekitaldia

Ordutegia eta data:
2018/07/17 18:00
Tokia:
Donostiako Udaletxeko Udalbatza aretoan (sarrera Alderdi Ederretik)

Eusko Ikaskuntzako Lehendakari Iñaki Dorronsorok eta LABORAL Kutxako Lehendakari Txomin Garciak Teresa del Valle antropologoari emango diote asteartean, hilak 17, arratsaldez 2018ko Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Humanitate, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria.

Bi erakunde hauen ordezkariekin batera, ekitaldiko buru izango dira: Iñigo Urkullu EAEko Lehendakari jauna eta Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Administrazioekiko Harremanetako kontseilari anderea. Emate ekitaldia, Donostiako Udaletxeko Udalbatza aretoan izango da.

Eusko Ikaskuntza – LABORAL Kutxa Saria, 1995ean sortu zen, Euskal Herriko Humanitate, Kultura, Arteak, eta Gizarte Zientzien alorrean, zentzu zabalenean, curriculum nabarmeneko jardunean ari diren pertsonak saritzeko. Saritutako pertsonaren lanaren osotasunak Euskal Herriaren kulturaren garapenean lagundu behar izan du.


Ekitaldia Donostiako Udaletxeko Udalbatza aretoan (sarrera Alderdi Ederretik) izango da.

Eusko Ikaskuntzaren jarduera eremuko sei unibertsitateetako Errektoreen ordezkariek, Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak eta LABORAL Kutxako Lurralde Zuzendariak osatu dute epaimahaia. “Bere obra globalak modu eraginkorrean lagundu du Euskal Herriko genero-ikuspegiaren garapen kulturalean” azpimarratu dute epaimahaikideek. Izan ere, Antropologia feministaren lehen sustatzaile garrantzitsuenetako bat da Espainiako estatuan.

Teresa del Valleren ikerketa-lerro nagusiak honako hauek izan dira: kritika feminista gizarte-antropologian; hiri-antropologia; antropologia politikoa; memoriaren etnografia; metodologia kualitatiboak. Egindako lana, “bere ibilbide pertsonala eta profesionala gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren esparruan oinarrituta dago, baita erronka hori euskal kulturan eta gizartean ikusgarri egin eta nazioartera zabaltzean ere”, betiere ikuspegi antropologikoa abiapuntua izanik.

Bere ingurune soziokulturalari buruzko ezagutza mundura irekitzen eta bertan proiektatzen jakin du, analisi antropologikoaren bitartez. Diziplina antropologikoa hedatu eta sendotzeko bere eginkizuna Europara zabaldu da; zentzu horretan, European Association of Social Anthropologists erakundearen fundatzaileetako bat izan zen 1989. urtean, baita European Society for Oceanists erakundearen fundatzaileetako bat ere, 1996. urtean.

Jarduera dibulgatzaile garrantzitsua garatu du, eta irakaskuntzaren eta ikerkuntzaren esparruko ibilbide luzea egin du. Berrogei urte baino gehiago daramatza irakaskuntzan, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) nahiz Espainiako edo atzerriko beste unibertsitate batzuetan.

Curriculuma