Zainak, 39

Argitalpenak

2022/02/11

Zainak, 39

“Zainak. Cuadernos de Antropología-Etnografía” aldizkariaren beste ale bat argitaratu da sarean.

Garaiz eta unean ostera ere, eremu etnologikoan ekarpen berriak ezagutarazten jarraitzeko konpromisoarekin, Zainak. Cuadernos de Antropología-Etnografía argitara atera da, 2021. urteari dagokionez, 39. zenbakira iritsiz. OJS lizentziaren baldintzapean eskuragarri dago eta atal berria aurkezten du, artea/zientzia/kultura erlazioaren hausnarketarako espazioa modu sortzailean eskaintzen duena. Berau, azal grafikoen sorkuntzan gorpuzten da, arteetatik eratorritako pentsamendua eta ezagutza aberasteko zein sorkuntzak eta adierazpen originalak ezagutarazteko nahiaz. Horrela, zenbaki honetan Amaia Lekerikabeaskoak eta Isusko Vivasek egindako lan artistiko grafikoa argitaratu da.

Ikerlan zientifikoei zuzenduriko atalean, Beñat Romera del Cerro ahozko inprobisazioaren (Oholtza) gune batera hurbildu da, bertsolariaren sortze prozesuari eta memoria edota oroimen kulturalari buruz kontu eginez. Ondoren, Tania Arriaga-Azkaratek teknologia tipografikoen munduan sakontzen du, artearen prozesuak prentsa inprimatuan eta haren irakaskuntzan nola aplikatzen diren hausnartuz.

Bestalde, eta oraingoan Rachid El Quaroui-ren eskutik, Extremadurako marokoarren kolektibora hurbilpena daukagu, erlijioan babesa aurkitzen duten funtsezko identitate-alderdiak aztertzen baititu. Ricardo Gurbindo Gilek, etnografia eta antropologia bisualaren ikuspegitik, Iruñako azken emakumezko barkillogileari zegokion ofizio tradizionala deskribatzen du. Euskal maritimotasunaren berezko adierazpenekin zerikusia duten gaiek ere hartzen dute lekua, Ángel Obregón Sierrak eta Francisco Javier Muñoz-Fernándezek ekarrita, hain zuzen. Lehenengoa kirol-arraunaren esparruarekin lotuta dago, eta bigarrena aldiz, gerraosteko arrantzaleen etxebizitzaren egoerarekin. Indexazioari, presentziari eta inpaktuari dagokienez, Zainak. Cuadernos de Antropologia-Etnografía aldizkariaren balorazio positiboa, pixkanaka geroz eta nabariagoa izaten ari da.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp