"Portu Zaharra Dastatuz. El sabor del Puerto Viejo" liburua

Argitalpenak

2016/07/20

"Portu Zaharra Dastatuz. El sabor del Puerto Viejo" liburua

Getxoko Udalak, Eusko Ikaskuntzarekin Algortako Portu Zaharraren kultura, itsaso eta arrantza Ondarearen Dinamizazio Planerako sinatutako hitzarmenaren baitan “Portu Zaharra Dastatuz. El sabor del Puerto Viejo” liburua aurkezten du.

Euskaraz eta gaztelaniaz egindako argitalpena da, baina bereizitako koaderno txikia badu ingeles eta frantsesez, tokiko plater ezagunenak jasotzen dituenak interesa duen ororentzat.

Baina ez da ohiko sukaldaritza liburua.Liburu honetan Portu Zaharra dastatzeko, hango kultura probatzeko eta ondareaz gozatzeko gakoak aurkituko dituzu, historian eskura zeuden, ugariak edo urriak ziren elikagaien arabera sortutako hango ohitura gastronomikoak ezagutuz.

Antzina, eguneroko arrantzaren emaitza Algorta eta Neguriko etxeei saltzen zitzaien eta soberakina, saltzen ez zen arraina edo saltzeko kalitate urria zutena Portu Zaharreko etxeetan jan edo premiazko beste produktu batzuekin trukatzen zen. Dieta hori, beste produktu batzuekin osatzen zen, hala nola patata, gaztaina, indaba, ogia eta herriko barazkiekin, maiz, norberaren etxeko atzealdean hazita. Ahaztu barik, noski, lapak, mojojoiak (muskuiluak), magurioak, txipiroiak, eskarrak eta kostaldean biltzen ziren beste produktu batzuk.

Horregatik, auzokoek emandako herriko errezetak zein bertako tabernek eta jatetxeek egindako proposamen modernoenak bildu nahi izan ditugu. Espazio berean elkarbizitzen, baina ondo bereizita, bai trataeran bai aurkezpenean.

Marcos Bretos-ek pilatutako errezeten aurretikJuan Gondra eta Esther Rebatok egindako bi sarreratxo daude, norberak bere diziplinaren ikuspegitik landutakoak non Pedro Bilbao Encera doktoreari omenaldia eginez, elikaduraren gaia landu eta Portu Zaharreko bizimodua lantzen dute.

Bestalde, Algortako Portu Zaharreko bizimoduaren eta elikaduraren irudirik adierazgarrienak berreskuratu nahi izan ditugu, etxe bakoitzeko, familia bakoitzaren eta eguneroko platerrik ohikoenen ondoan agertzeko.

Plater xumeak dira, modu errazean eta askotan “aliritzira” azalduta baina, arrazoi horrexegatik hain zuzen ere, benetakoak eta kutunak.

Hamasei dira auzokideak emandako errezetak, hiru jatetxe nagusiek aurkeztutako platerrak eta lau Portu Zaharreko tabernek eskainitako pintxoak. Edizioan, bai edukiak zein irudiak baita alor grafikoa ere, arretaz zaindu dira nahi izan den helburua lortzeko: herrikoia sofistikazioarekin batzea, tradizioa modernitatearekin, eta memoriaren berreskuratzea turismo zabalkundearekin.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp