Urtarrilaren 29an, Gasteizen, Zeelanda Berriko eta Euskal Herriko hizkuntza normalizazio prozesuen arteko ikerketa konparatibo baten emaitzak aurkeztuko dituzte.
Beñat Garaio Mendizabalek Eusko Ikaskuntza–LABORAL Kutxa Gaztea saria jaso zuen 2023an, “Kia ora, e hoa: māoriera eta euskararen biziberritzea elkarlotzen” ikerketa soziolinguistikoko proiektuagatik. Euskararen eta maorieraren, Zeelanda Berriko hizkuntza indigenaren, biziberritze prozesuen arteko azterketa konparatiboa egitea zuen helburu.
Lana amaituta, gasteiztarrak bere emaitzak aurkeztuko ditu urtarrilaren 29an Gasteizko Izaskun Arrue Kulturgunean, Lazarraga Kultur Elkarteak, LABORAL Kutxak eta Eusko Ikaskuntzak elkarlanean antolatutako ekitaldian. Horri esker, maoriak lortutako indarguneak eta lorpenak ezagutu ahal izango dira, baita aurrean dituen erronkak ere.
Aurkezpen honen ondoren, Beñat Garaio eta Itziar Idiazabalen arteko elkarrizketa izango da. Itziar EHUko irakasle emeritua, Eusko Ikaskuntzako bazkide, Euskaltzaindiako ohorezko akademiko eta hizkuntzalaritza aplikatuan eta hizkuntza-politiketan aditu da.
Amaitzeko, bertaratzen direnek galderak egiteko eta beren ikuspuntuak eskaintzeko aukera izango dute.
