Ondarea

2014/12/09

Manuel de Irujo fondoa

Euskomedia Fundazioak Irujo artxiboaren digitalizazioaren eta katalogazioaren fase berri bati ekin dio, Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz. Guztira 1.250 dokumentu katalogatu eta 4.900 orrialde digitalizatuko dira.

Euskomedia Fundazioak

Gure XX. mendeko historian Manuel Irujo dugu ezagutu beharreko pertsonaietako bat. 1891 urtean Lizarran jaio eta, gaztetik, argi utzi zuen politikarekiko zuen interesa. Izan ere, nahiz eta abokatu bezala lanean aritu, jarduera politiko oso emankorra izan zuen. Gorteetako diputatu izan zen Gipuzkoaren izenean hainbat alditan. Bestalde, Guda Zibila hasi zenean eta Euskal Estatutua onartu ostean, Errepublikako Gobernuko kide bilakatu zen, euskal nazionalismoaren ordezkari gisa. Guda Zibilia bukatzean Erresuma Batura erbesteratu behar izan zen, han ere oso jardunbide politiko oparoa mantenduz. Abokatua eta politikoa; Euskal Herrian eta erbestean. Gure historiaren eragile eta lekuko izan zen Manuel Irujo. Artxiboa Ibilbide luze, oparo eta interesgarri horren testigantza dira Irujok utzi zituen dokumentu guztiak. Haiek ere ez dute "bizitza" lasaia izan. Fondoaren zati handi bat galdu egin zen Frantziak jasan zuen inbasio alemanaren garaian. Guda eta Erbestea 1936-1981 azpifondoa Parisen egon zen Irujoren heriotzerarte, handik Lizarrara bidaiatuz. Gaur egun, artxiboa Eusko Ikaskuntzan dago jasoa, Irujo erakunde honetako Batzorde Iraunkorreko kide izan baitzen 1932 urtetik 1978 urtera arte. Ardura eta ohore hori bere gain hartu eta, 1987 urtetik, lanean ari da Eusko Ikaskuntza Manuel Irujoren dokumentazio guztia landu eta ezagutzera emateko. 157.250 orrialde inguru dira guztira, horien artean interes handiko agiriak daudelarik. Esate baterako, oso baliagarriak dira Juztizia Ministro zelarik giza eskubideen alde egin zuen lana jasotzen duten dokumentuak. Pixkanaka baina etengabe, fase ezberdinetan, Eusko Ikaskuntzak dokumentazio hori guztia katalogatu eta digitalizatu egin du Euskomedia Fundazioaren bitartez. Artxiboa hiru azpifondotan dago antolatuta:

Irujo 1 (XVIII mendetik-1920ra)

Irujo familiaren inguruko dokumentazioa jasotzen duen fondoa, ia guztia bere aita Daniel de Irujo Urra eta aitonak sortua.

Irujo 2 (1921etik-1936ra)

Manuel Irujoren ibilbide profesional, politiko eta instituzionala jasotzen duten dokumentuek osatzen dute azpifondo hau.

Irujo "Guda eta Erbestea: 1936tik-1981era"

Erbestean sortutako dokumentazioa. Garai hartako pertsonai politikoekin elkartrukatu zituen eskutitzak aurki daitezke hemen. Aipagarria ere Mugimendu Europarraren inguruko dokumentazioa, Irujok partehartze aktiboa izan baitzuen bertan. Bizitza bakarra. Milaka dokumentu. Guztiak eskuragarri "Lehoi nafarra"ri eskainitako www.euskomedia.org/irujo web gunean.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp