Kultura-eskubideak eta kulturaren funtzio eraldatzailea

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2023/09/20

Kultura-eskubideak eta kulturaren funtzio eraldatzailea

Iruñean egindako jardunaldian, euskal kultur jardueraren egoerari buruzko txostena aurkeztu zen, baita Kultur Eskubideen testuinguruan ekitaldiak antolatzeko protokoloa ere.

Iruñeko Kondestablearen Jauregian "Kultur kudeaketa eraldaketarako: urrats berrien bila kultur eskubideen marko batetik abiatuta" jardunaldia egin zen, irailaren 20, asteazkena. Eusko Ikaskuntzak, Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak antolatuta.

Irekiera ekitaldian parte hartu zuten Iruñeko Udaleko Kultura Saileko zuzendari Rudy Goroskietak, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak, Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok, eta 2021etik Eusko Ikaskuntzak bultzatzen duen “Eskubide Kulturalak: parte-hartze eta gobernantzarako politikak” proiektuko talde zientifikoaren izenean Miren Epalzak.

Eusko Ikaskuntzarekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari balioa eman zion Goroskietak, eta azpimarratu zuen bi erakundeei aukera ematen ziela “Iruñeko gizarteari eta Nafarroako gizarteari ezagutza eta balio-proposamenak sortzeko”.

Bestalde, Urkizak lanen zentzu praktikoa nabarmendu zuen: “Ez gara plano teorikoan bakarrik mugitzen, baizik eta gure agente, ekintzaile eta sortzaileek nola bizi duten eta zer gabezia dituzten eta etorkizunean zer proiekzio izango duten sakontzea interesatzen zaigu”. Halaber, iragarri zuen kultura eskubideei buruzko lan-programa eta jardunaldiaren ondorioak Eusko Ikaskuntzen 19. Biltzarrera eramango zirela proposamen gisa. Kongresua 2024ko udazkenean egitea aurreikusten da.

Ollo kontseilariak Nafarroako Gobernuak Eusko Ikaskuntzarekin duen lankidetza azpimarratu zuen – 2023an eguneratu da hitzarmen bidez –, honelako topaketa bat egin ahal izateko. Era honetako jardunaldiak erakundeen ordezkarien, gizarte zibilaren eta euskararen inguruko eragile teknikoen arteko topagune gisa balio dutela uste du, "iraganarekin, baina, batez ere, orainarekin eta etorkizunarekin, gurea bezalako gizarte anitz eta askotarikoan".


 

Lehendakariordeak, berak kudeatzen duen departamenduan baitago Euskarabidea, gaineratu zuen mahai ezberdinetan landuko ziren gai batzuk, hala nola “ebaluazioa, parte-hartzea eta kultur programazioa bera, gaur egun hizkuntzaren eta, oro har, kulturaren garapenari zorroztasuna eta euskarri teknikoa ematen dioten elementuak” zirela.

Miren Epalzaren sarreraren ostean, lehen zatian Beñat Gaztelurrutiak egindako kultura eskubideen egoerari buruzko txostena aurkeztu zen. Lurralde eta esparruen historia, eskubide, sorkuntza, edizio eta antolaketako adituekin egindako elkarrizketetan oinarrituta, txostenak euskal kultura-jardueraren egoera aztertzen du, eskubideen ikuspuntutik. Autoreak adierazi zuenez, “esplorazio-ikerketa bat da, gehienez ere”, eta, hala ere, kultura-eskubideen eta kulturaren inguruan kontuan hartu beharreko oztopoak, kezkak eta lan-ildoak adierazten ditu, elementu eraldatzaile gisa.

Hain zuzen ere, kultura eraldatzailea zer den zehazteko, mahai-ingurua egin zen, eta kultura-kudeaketan adituak diren hiru pertsona bildu ziren: Marcos García Cristóbal (kultura-kudeatzailea, hiri-laborategien eremuan), Leire San Martín Goikoetxea (arte garaikideko hezitzailea eta programatzailea) eta Nieves Beloki (KUNA-Nafarroako kultura-kudeaketako profesionalen elkartea). Iratxe Retolazak gidatu zuen elkarrizketan hiru ardatzetan sakondu zen: kulturaren funtzio eraldatzailea, gobernantza eta kudeaketa publikoko ereduak eta parte-hartzea.

Jardunaldiaren bigarren zatian, Maialen Akizu soziologoak kultura-eskubideen testuinguruan ekitaldiak antolatzeko protokoloa aurkeztu zuen. Protokolo honen helburua da kultura-kudeaketako praktika onak eta prozedurak erakustea, kultura-eskubideetan aurrera egiteko, parte-hartzea sustatzeko eta lan-harremanak eta kudeaketa-praktikak hobetzeko.

Oraindik zirriborro-fasean dagoen protokolo horrek “Kultur antolakuntzan praktika onak zelan bermatu” gaiari buruzko eztabaida bizia piztu zuen.

Kultur kudeaketa eraldaketarako: urrats berrien bila kultur eskubideen marko batetik abiatuta

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp