Kultur-politika feministen beharra agerian

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2023/10/19

Kultur-politika feministen beharra agerian

Bilboko Sinposioaren 27. edizioak agerian jarri zuen jarduera kultural feministak berdintasunaren bidean duen garrantzia.

Bilboko La Bolsa eraikina - John Jauregian betaurreko moreak jantzi ziren eta ekoizpen guneetako ikaspen feministak praktikotasunetik ezagutzeko aukera izan zen, hainbat kultur ekoizpen guneetako eragileen eskuetatik zuzenean. Bertan egin zen Bilboko Sinposioa: “Kultur kudeaketa ekoizpen guneetan: jarduteko modu feministen arrastoan”, Eusko Ikaskuntzak Bilboko Udalarekin eta Emakunderekin batera antolatuta.

Haizea Barcenillak gaia kokatzen lagundu zuen eta begirada jarri zuen emakumeen egoerari erakusketetan. Azalpen historikoak medio, bazterkeria nola gauzatu den azaldu zuen eta egun emakume artistekin, baina batez ere margolariekin, dagoen zor historikoa agerian jarri zuen. Hori dela eta, erakundeek diskriminazio positiboa egitera deitu zituen. Era berean, Euskal Artearen kanona berrikustera animatu zuen, ikerkuntza medio, bazterkerietatik aldenduz eta kritikotasunez dagoen aberastasuna azalduz. Azkenik, programazioetan eta epe luzeko edukien plangintzan islatu dezakeen Artearen historiaren eta sistemaren azterketa sakona aldarrikatu zuen.

Ondoren, esperientzia praktikoen ezagutzetan sakondu zen. Bost kidek hartu zuten parte: Garaion sorkuntza guneko Amaia Gabilondo; Sormene eta Sarean bitartekaritza guneetako Gotzon Barandiaran eta Sandra Amutxastegi, hurrenez hurren; eta argitalpengintzaren eremutik Lorea Agirre Eskafandra-Jakin eta Elkar argitaletxetik eta Nerea Fillat Katakraketik. Euren eskarmentuan oinarritutako irakaspenetatik, prestakuntza feminismoaren beharra agerikoa da, ikuspegi feminista ulertzen eta sustraitzen lagun dezakeena eta pertsonak ahaldundu eta politiketan islatuko dena. Era berean, balio komunitarioen eta saretzearen garrantzia azpimarratu zuten, lankidetzan eta horizontaltasunean, eta berdintasuna eta bazterketarik gabeko esparru eta dinamiken beharra agertuz. Halaber, baliabideen inguruan aztertzea eskatu zen, sormenak baldintza materialak behar dituelako eta prekaritatetik aldentzen gaituelako.

Gaitasun handia dago Euskal Herrian euskal kultura feministaren esparruan, bai gogoeta teorikoan, bai esperientzietan eta zubigintzan. Euskal Herrian egiten den kulturarentzat proiektu komun estrategikoa lantzeko beharra azpimarratu zen eta horren arabera baliabideak bideratzeko. Beraz, gogoetari heldu eta elkarlanean hausnarketa elikatzen jarraitzeko eskaera luzatu zen.

Eusko Ikaskuntzak horren lekukoa jasota, gogoeta hauek guztiak bildu eta egun garatzen ari den “Eskubide kulturalak: parte-hartze eta gobernantzarako politikak” ikerlerroaren baitan txertatuko ditu. Gainera, 2019an hasitako bideari eusten dio eta orduz geroztik Bilboko Sinposioa berdintasunaren inguruko gaiekin lotzen jarraitzen du, eztabaida, gogoeta eta saretzea elikatu asmoz.

Bilboko sinposioa. Kultur kudeaketa ekoizpen guneetan: jarduteko modu feministen arrastoan

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp