Kultur politika aurreratuetaz asko dugu ikasteko

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2023/11/14

Kultur politika aurreratuetaz asko dugu ikasteko

Eusko Ikaskuntzak antolatu berri duen mintegian nazioarteko kultur politika aurreratuak bildu eta Euskal Herrian garatzeko proposamenak landu ziren.

Andoaingo Martín Ugalde parkean, joan den azaroaren 14an, “Kultur politika aurreratuen esperientziak kultur eskubideen ikuspuntutik” nazioarteko mintegia egin zen, Eusko Ikaskuntzak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz programak babestuta.

Irekiera instituzionala Jose Manuel Bujandak, Eusko Ikaskuntzako Gipuzkoako ordezkariak, eta Joan Mari Larrartek Kultur eskubideen lantaldeko ordezkariak egin zuten. Ondoren, Beatriz Barreirok (URJC) Nazioarteko Zuzenbideak 2009tik jasotzen duen edukia pixkanaka zehazteko prozesuari lotutako kultura-eskubideetan eta estatu-betebeharretan egindako aurrerapenetan jarri zuen arreta. Hala ere, kultura-eragile gehienek ezagutzen ez dituztela azpimarratu zuen, eta euren aldarrikapen asko eraginkortasunez bideratzea eragotzi diela adierazi zuen. Nicolas Barbierik (UOC) kultura-bizitzan parte hartzeko eskubidearen definizioa aurkeztu zuen eta ariketa hau baldintzatzen duten desberdintasunak azaldu zituen. Kultura-eskubideei buruzko legeak eta proiektuak ezartzeko orduan dauden aukerak eta erronkak baloratu ere egin zituen.

Kultur politika aurreratuen esperientziak ezagutzeko tartea izan zen ostean Europako bi herrialdeetatik hasita. Maël Lucasek (Laboratoire de transition) Akitanian martxan jarri duten zenbait esperimentazio- eta akonpainamendu-lanen berri eman zuen, besteak beste, “Saiakera” taldeak eta Europako eta Frantziako “Faro” sareak. Jarraian, Anne-Catherine Lacroixek (L'atelier des droits sociaux) Belgikako esperientzia partekatu zuen: 2020an “artistaren estatutua” aldatzea erabaki zen eta, egun, “langile artistikoaren estatutua” bihurtu da. Azken horrek, batez ere, gizarte-segurantzaren baitan jasotzen diren mekanismoen bitartez, langabezia-aseguruaren bidez arte-langileentzat ordezko diru-sarrerak bermatzea du xede.

Amerikako esperientziek hartu zuten lekukoa jarraian Emiliano Fuentes Firmani kultur politika eta aniztasunean espezializatutako kultur kudeatzaileak gidatutako saioan. Sylvie Duranek, Costa Ricako Kultura eta Gazteriako ministro ohiak, 2015 eta 2022 artean garatutako erronkak eta urratsak azaldu zituen, eskubideen, betebeharren eta ardura-erantzukizunaren arteko erlazioa barne, Costa Ricako kultura-instituzionaltasuna eraikitzeko prozesua labur deskribatu eta PNDC—Estatuko hamar urteko lehen politika—instalatu ondoren. Gabriel Arjonak, kultur politika eta legerian aholkulari, 1991ko Konstituzio Politikotik abiatuta Kolonbian hasitako prozesua kontatu zuen, euren kultura-politikak eskubideen bermean oinarritzea bilatzen zutelarik, izandako lorpen, ahultasun, hutsune eta perspektiba nagusiak agertuz. Alexandre Santinik, Kultura-kudeatzailea eta kultura-politika publikoetan aditua dena, Niteróiko Kultura Eskubideen Gutuna modu parte-hartzailean eraikitzeko prozesua deskribatu, ebaluatu eta aztertu zituen. Rio de Janeiroko (Brasil) herritarren kultura-eskubideak sendotzeko dokumentu loteslea da hori eta latinoamerikako hiri eta lurraldeen arteko nazioarteko lankidetza-sare batean kokatzen da prozesua.

Esperientzien ostean, Maider Zilbetik (UPV/EHU eta Haizur) gidatutako “Zer da Euskal Herriak kontutan hartu beharko lukeena gure kultur politiketan eskubideak bermatzeko?” mahai-ingurua egon zen. Bertan, Daniel Granadosek, Bartzelonako Udaleko Kultura Eskubideen ordezkari ohia, kultur ekoizlea eta ikertzailea, Bartzelonako Kultura Eskubideen Planaren ibilbidearen irakurketa egin zuen: politika publikoko beste eremu batzuekiko loturak, zeharkako printzipioak, helburuak eta neurri esanguratsuenak. Jazmin Beirakek, kultur kudeatzailea eta politika kulturaletan ikertzailea, kulturak giza eskubideak onartu eta erabiltzeko funtsezko oinarri gisa duen garrantzia azpimarratu zuen, eta, testuinguru horretan, kultura-eskubideek gizartea bidezkoagoa, demokratikoagoa eta berdintasunean gehiago oinarritzeko duten eginkizuna azpimarratu zuen. Azkenik, Fran Quirogak, ikertzailea eta Konkomitenteko koordinatzaile nagusia, adierazi zuenez, entretenimenduaz gain, kulturak zainpeko artatze-prozesuen zerbitzura egon behar du. Kulturaren zeregina komunitateek beren prozesuak irakurtzeko duten gaitasuna indartzea da. Hori dela eta, kulturaren komunitate- eta lurralde-inpaktua onartzearen alde egiten du, gizarteak balorizazio handiagoa izan dezan.

Amaitzeko, galderen txanda ireki eta ondorioen bilketa egin zen “Euskal Herriko kultur politikak garatzeko proposamenak” jasoko duen dokumentu baten oinarriak eraikiz.

Nazioarteko mintegia: kultur politika aurreratuen esperientziak kultur eskubideen ikuspuntutik

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp