Kultur kudeaketa feminista baterako bidean

Foroak eta mintegiak

2022/09/22

Kultur kudeaketa feminista baterako bidean

Bilboko Sinposioak, Eusko Ikaskuntzak tokiko udalaren eta Emakunderen laguntzarekin antolatuta, kultur politika feministen beharra eta haien indar soziala nabarmendu zituen.

Irailaren 22an, Bilboko Sinposioaren 26. edizioa ospatu zen BBK Kunan, Eusko Ikaskuntzak antolatutakoa, Bilboko udalaren eta Emakunderen laguntzarekin. “Kultur kudeaketa begirada feminista batetik” izenburupean, profesionalek, ikasleek eta gizarte-eragileek parte-hartze zabala izan zuten foroan. Kultura-politika feministetarako bideak aztertu ziren, kultura-bizitzan, sorkuntzan eta ekoizpenean eta kultura-gobernantzan genero-desberdintasunik eta diskriminaziorik gabe parte hartzea bermatzeko.

Haizea Barcenillak eman zuen hitzaldi nagusia eta ondorengo galdera egin zuen: Kultur kudeaketa feminista, utopia ala helburu? UPV/EHUko irakasleak kulturaren esparruan hainbat modutan eta kokapenetan jarduten duten emakumeen esperientzia eta estrategien bilduma aurkeztu zituen. Elkarrizketa- eta truke-lan luze baten ondoren, sei eremutan bildu dituzten ondorioen berri eman zuen: prekarietatea, denboraren kudeaketa, ikusgarritasuna, autoritatea, balioztatzea eta espazio seguruak eta saretzekoak bermatzea. Haizea Barcenillaren ustez, oraindik bide luzea dago kultur kudeaketa feminista lortu arte, baina “funtsezkoa da taldean eta elkarri babestuz lanean aritzea”.

Sinposioan solasaldi sortzaile bat izan zen Ainara Azpiazu (Tupust! Kolektiboa) eta Ane Labakaren (Bertsolari feministen sarea) partaidetzarekin, Maialen Akizuk (Eusko Ikaskuntza, kultur politiken proiektuko kidea) moderatutakoa. Jarraian, Artaziak Taldeak kultur kudeaketa feministaren ahulguneak eta indarguneak lantzeko tailerra gidatu zuen. Jardunbide egokiei buruzko mahai-inguru bat izan zen ostean, Oskia Ugarte (Huarte zentroa), Miren Jaio (Bulegoa) eta Usue Arrieta (Tractora) partaide izan direlarik. Amaitzeko, Virginia Imazen “Clownclusiones” saioa izan zen, ondorio nagusiak umorez bildu zituena.

Bilboko Sinposioaren 26. edizioa

1996an, Eusko Ikaskuntzak, Bilboko Udalarekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren esparruan, Bilboko I. Sinposioa antolatu zuen. Harrezkero, urtero, hainbat diziplinetako adituek historia, kultura eta gizartearekin zerikusia duten gaiak jorratu dituzte.

Kultur kudeaketa begirada feminista batetik

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp