Kultur eskubideak: marko berri bat birpentsatuz

Proiektuak

2022/12/14

Kultur eskubideak: marko berri bat birpentsatuz

Euskal kulturaren munduko talde eta eragileek kultura-eskubideen esparrua birpentsatzera bultzatzen dute.

Euskal Herriko kultura-eskubideen inguruko erronkak eta aukerak aztertzea izan zen Kultura-eskubideak: parte-hartze eta gobernantzarako politikak programak azaroaren 4an eta 18an antolatutako mintegien helburua. Hainbat espezialitate eta diziplinatako kolektiboren ordezkariek eta lurralde guztietako eragileek euskal kulturaren egoeraren diagnostikoa egin zuten, eta zenbait proposamen egin zituzten, ondoren, gogoeta-dokumentu batean islatu zuten egindako lana.

Horretan, kultura-eskubideen esparrua birpentsatzeko beharra aipatzen da, ardatz hauek kontuan hartuta:

  1. Euskal Herrian ez da kultura modu sinkroniko eta uniformean demokratizatzeko prozesurik izan; aitzitik, XX. mendean, Mendebaldean kulturaren demokratizazio prozesurik handiena bizi zenean, euskal kultura jazarpenaren eta bazterketaren menpe zegoen.
  2. Eskubide-berdintasunaren izenean, homogeneizazio-prozesu bat egin da hizkuntza baten eta kultura “unibertsal” baten inguruan. Funtsezkoa da prozesu horren ondorioak agerian uztea.
  3. Kulturaren eta kultura-gaitasunen arloko gobernantza-ereduak identifikatzeko, Euskal Herrian kultura-eragile korporatiboen eta erakundeen artean, eragile publiko eta pribatuen artean dagoen lankidetza-mota aztertu behar da, baita gobernantza-eremuen artean dauden akordioak ere.
  4. Beharrezkotzat jotzen da garapen jasangarriaren erronka euskal kulturaren ikuspegitik birpentsatzea, Kultura 21 dokumentuan (Hiri eta Tokiko Gobernu Batuen Erakundeak 2004an onartutako ekintzak) adierazitako lau dimentsioetan dituen indarrak eta ahuleziak neurtuz.
  5. Esparru berri bat finkatu behar da, hizkuntza-politikak eta kultura-politikak konbinatuko dituena, eremu horietan lan egiten duten gizarte-erakundeen artean sinergiak sortuz.

Datorren urtean, Kultura-eskubideak: parte-hartze eta gobernantzarako politikak programak ekimen berriak garatuko ditu, eta horien berri emango da.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp