Kirmen Uribek eta Beñat Garaiok jaso dute Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa saria, ekitaldi hunkigarri  batetan

Sariak

2023/07/20

Kirmen Uribek eta Beñat Garaiok jaso dute Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa saria, ekitaldi hunkigarri batetan

Senide, lagun eta kulturaren, hezkuntzaren eta gizartearen arloetako ordezkariek lagunduta, bi sarituek jaso zuten diploma Humanitateen, Kulturaren, Arteen eta Gizarte Zientzien alorretan beren eskarmentu profesionala eta ikerketa proiektua aintzatesten duena.

Bilboko Euskalduna jauregian eman ziren uztailaren 20an Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa saria, 1995etik Humanitateen, Kulturaren, Arteen eta Gizarte Zientzien alorretan curriculumik onenak saritzen dituena, eta, 2019tik aurrera, baita gazteek aurkeztutako sorkuntza- edo ikerkuntza-proiektuak ere. 2023ko edizioan Kirmen Uribe idazlea eta Beñat Garaio soziolinguistika-ikertzailea izan dira sarituak, hurrenez hurren.

Erakundeetako eta kulturaren, hezkuntzaren zein gizartearen esparruetako ordezkari ugari bildu zituen ekitaldiari hasiera emateko, Fernando Tapia Euskal Herriko Unibertsitateko Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak Gazte Sariaren epaimahaiaren akta irakurri zuen.

Beñat Garaiok Kia ora, takatāpui: māoriera eta euskararen biziberritze prozesuak elkarlotzen proiektuagatik irabazi du saria eta, garaikurra jaso ondoren, hizkuntza gutxituak biziberritzeko lanean egin duen 10 urteko ibilbidea aipatu zuen. Jardun horrek zenbait sari ekarri dizkio. Hala ere, atsekabez adierazi zuen ikerkuntza-lana ez dela, hemen eta orain, nahikoa balioesten. Hori dela eta, ikerkuntzaren ildoa alde batera uztea erabaki duela jakinarazi zuen, jardun horrek merezi duen duintasunezko baldintzak eskainiko dituen aukeraren bat sortu artean. Bukatzeko, talentuaren ihesaren aurkako neurriak hartu beharraz ohartarazi zuen.

Miren Iñarra Musikeneko zuzendari nagusi eta akademikoak ezagutarazi zuen epaimahaiak Kirmen Uriberen alde plazaratutako epai arrazoitua.

Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak nabarmendu zuenez, idazle bati eman dakiokeen saririk handiena “ahots propioa” duela aitortzea da. Horixe da Kirmen Uriberen kasua, Bitartean heldu eskutik lehen poesia-liburutik hasita. Nolanahi ere, haren hitzetan, “begirada propioa izatea” da garrantzitsuena, munduko buruhausteen inguruan “gogoeta artistikoa egiteko ikuspegi propioa izatea”. Eta ahots hori, begirada hori, eraikitzea urteetako lana da, eta apaltasuna behar da horretarako. Ana Urkizaren iritziz, hala dihardu idazleak: “Kirmen gure herriaren, hizkuntzaren eta kulturaren ikuspegi propioa eraikiz ari da, gure herri ikuspegiari hegoak jarriz, eta gu ere unibertsal bilakatuz”.

Gazte Sariari dagokionez, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak azaldu zuen Beñat Garaio dela “belaunaldi berrientzako eredurik onena, bai euskara biziberritzeko ikerkuntzaren arloan eta bai ekimen positiboen sustapenean”. Horregatik, merezimendu osoz jaso zituen txaloak eta goraipamena.

Hamabost edizioren ondoren, azken aldiz hartu zuen parte sari-banaketaren ekitaldian Txomin García LABORAL Kutxako lehendakariak. Pozik azaldu zen, azkena zuen agerraldian kulturan erreferente nabarmena den idazle eta sortzaile handi batek jaso duelako saria. Azpimarratu zuen Kirmen Uribek, euskaraz idazteaz gain, euskal gaien alde egin duela beti: “Istorioak aukeratzen asmo argia dago: euskal kulturaren idiosinkrasia, gure historia partikularraren iragana, oroimenerako jasotzea”. Saria “berak aipatzen duen `bizimodu atlantiko´ horri eusteko motibazio” izan dadila opa zion idazleari, bizimodu horrek ahalbidetzen baitio “New Yorken bizi eta itsasalde honetara, Ondarroa jaioterrira, euskarara eta euskal kulturara, herri honen historiara eta bilakabidera lotuta jarraitzea”.

Era berean, Beñat Garaio goraipatu zuen Txomin Garcíak. “Gasteiztar gazte-ekintzaile nabarmena” dela esan zuen, “ikerkuntza eta antolaketa, teoria eta praktika, ezin hobeto uztartzen dituena. Gazteentzat goi-mailako erreferentea”.

2023ko Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Sariari dagokion diploma eskuratu ostean, mutiko zela sortu zitzaion hitzarekiko lilura gogoratu zuen Kirmen Uribek. Gogoratu zuen edertasuna izan zela idazteko lehen eragilea, askatasuna bigarrena, eta zubiak eraiki eta lagun hurkoa entzutea hirugarrena. Jarraian gaineratu zuenez, “euskara etorkizunaren, aurrerapenaren, aniztasunaren, jarraipenaren, justiziaren sinonimoa da. Euskaraz mintzatzean mundua koloreztatzen ari gara”. Euskal Herrira noiz itzuliko den galdetzen diotenean, ez dela inoiz bertatik joan erantzuten du, “beti aurkituko nauzuelako euskararen baitan”.

Bukatzeko, Kirmen Uribek familiari eskaini nahi izan zion saria. Nerea emazteari berriro ezkontzeko proposamena egin zion, “New Yorken, Las Vegasen, Bilbon, Ondarroan, ilargian. Zuk ipini eguna, eta ni joan egingo naiz”.

Erakundeetako ordezkariek itxi zuten ekitaldia: Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak eta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak.

Ekitaldiari amaiera emateko, Kirmen Uriberen hitzak dituen Munduari begiratzeko modu bat kantua abestu zuen Rafa Rueda musikariak.

Eusko Ikaskuntza - Laboral Kutxa Saria 2023

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp