Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Sariaren 20. urteurren honetan inoiz baino hautagaitza gehiago aurkeztu dira.

Euskal Herriko Unibertsitateko katedratiko eta hamahiru urtez Gipuzkoako UNED zentroko zuzendari izandakoa Juan Jose Alvarezek jaso zuen Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa 2015 Saria. Egitasmoaren xedea da Humanitateen, Kulturaren, Arteen eta Giza Zientzien alorrean nabarmenak diren curriculumak aitortzea. Epaimahaia, Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako ordezkariek osatu zuten, baita Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak eta LABORAL Kutxako Lurralde Zuzendariak ere. Epaimahaiak, oro har, Alvarezek Nazioarteko Zuzendaritza Pribatuan egin duen ibilbide profesionala nabarmendu zuen, eta, era berean, bere lanen "ikuspegi kritiko eta berritzailea" azpimarratu zuen. Ildo berean, Europako erakunde garrantzitsuenekin egin duen lana goratu zuten, hala nola Europako Zuzenbide Auzitegiarekin edota Europako Justizia Zuzendaritza Orokorrarekin; baita, 2010etik aurrera, Gobernantza Demokratikoaren Institutuaren sortzaile eta idazkari bezala egin duen lana ere. 1998tik Euskal Herriko Unibertsitateak eta Eusko Ikaskuntzak antolatzen duten Nazioarteko Merkataritzari buruzko Master Interaktiboko zuzendaria izan zen. Eusko Ikaskuntzako jarduera juridikoetarako koordinatzailea ere izan zen Espainia-Frantzia mugaz gaindiko alorrean. Saria 20.000 euro dira, eta udazkenean ospatuko da emate-ekitaldia Donostiako Miramar Jauregian.
