Jon Bagüések Manuel Lekuona Saria jaso zuen

Sariak

2022/06/21

Jon Bagüések Manuel Lekuona Saria jaso zuen

Musikologoak Eusko Ikaskuntzaren saria omenaldi hunkigarri batean jaso zuen iragan den ekainaren 20ean Errenterian.

Musika eta kultura arloetako ordezkaritza zabal batek eta euskal erakunde publikoek babesa eman zioten, astelehenean, Jon Bagüés Erriondori. Musikologo, artxibozain eta dokumentalistak jaso zuen bere jaioterria den Errenterian Eusko Ikaskuntzaren 2021eko Manuel Lekuona Saria.

Sarituaz gain, Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok, Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak eta Etxepare Institutuko eta Epaimahai instituzionaleko bozeramaile Garbiñe Iztuetak parte hartu zuten banaketa-ekitaldian.

Azken horrek nabarmendu zuen Jon Bagüések euskal musika-ondareari egin dion ekarpena, hainbat alderditatik eta lau hamarkada baino gehiagotan zehar: euskal musika kontserbatu, berreskuratu, ikertu eta zabaltzea; lanean ari diren konpositoreei laguntzea; azterketa- eta interpretazio-erakundeak sortzea; Eresbil-Musikaren Euskal Artxibotik eta Errenteriako Musikaren Astearen antolakuntzan egindako lan emankorra ahaztu gabe.

Ana Urkizak gogora ekarri zituen Jon Bagüésen hastapenak, bai eta haren “aparteko gaitasunek” José Luis Ansorena Mirandaren arreta piztu zutela. Eresbil osatzen ari zen orduan, eta Bagüés izango zen haren lehen artxibozain nagusia eta, ondoren, zuzendaria hogei urtez. Era berean, Eusko Ikaskuntzako lehendakariak azpimarratu zuen 1978an erakundea berrezarri zenetik, Eusko Ikaskuntzak Bagüés bazkide aktibo eta konprometitu gisa edukitzeagatik izan duen pribilegioa.

Remigio Mendibururen eskultura jaso ondoren (Manuel Lekuona 2021 Saria), Jon Bagüések eskertu egin zuen profesional gisa eta musikaartearen aktibista sutsu gisa egindako ibilbide oparoa goratzen duen saria. Amaitzeko, lau ideia nabarmendu zituen: Euskal Herriko etorkizuneko ondarea eraikitzen dutenen sormen-lana arte guztietan; dokumentu-ondare analogikoa babesten jarraitzeko beharra; dokumentazioaren profesionalen zeregin garrantzitsua; eta gure ondare zabala herritarrei erakusteko eta hurbiltzeko ahalegina. Ikusentzuleen txaloekin batera, musika-munduko hainbat jenderen eta lagunen zorion eta afektu mezuak jaso ziren bideo baten bidez.

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanoren hitzaldiak amaiera eman zion ekitaldiari. Jon Bagüesen ibilbide profesional eta konpromiso pertsonal “emankorra” nabarmendu zuen, euskal musikaren inguruko ondarearen eta ikerketaren alde egindako arnas luzeko ahalegina. “Gure kultura eta hizkuntza garatzen jarraitzeko izugarrizko ekarpena da, ezinbestekoa, gaur egungo eta etorkizuneko sortzaileek iturri zaharretik ur berria edaten jarraitu dezaten”, adierazi zuen.

Ongietorria eta agurra Peñaflorida Kaperaren esku egon ziren. Kapera hori Bagüések berak sortu zuen 1985ean, antzinako musika ikertzeko eta zabaltzeko. Manu Sagastumeren zuzendaritzapean, Peñafloridako kondearen piezak interpretatu zituen.

Jon Bagüés Erriondoren bio-bibliografia.
 

Eusko Ikaskuntzaren 2021eko Manuel Lekuona Sariaren emate ekitaldia

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp