"Hizkuntza eta Kultura, plan integral baterantz" foroa Iruñean

Foroak eta mintegiak

2022/10/24

"Hizkuntza eta Kultura, plan integral baterantz" foroa Iruñean

Bizikidetza eta herritartasuna sendotzeko berebiziko garrantzia duten Eusko Ikaskuntzaren hiru proiektuen arteko uztartze ariketa burutu zen.

Urriaren 22an Iruñan burututako foroa Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko hitzarmen markoan kokatzen da. Gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren laguntza izan du, Sario eraikinean espazioak utzita.

Bertan, bizikidetza eta herritartasuna sendotzeko berebiziko garrantzia duten Eusko Ikaskuntzaren hiru proiektuen arteko uztartze ariketa burutu da: Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan; Hezkuntza sistema, etorkizuna elkarrekin lantzen eta Eskubide kulturalak: partehartzea eta gobernantzarako politikak proiektuak. Honekin, hizkuntza, kultura, hezkuntza eta aniztasuna gaiak modu sinergikoan landu dira.

Jardunaldiari hasiera eman zitzaion galdera nagusi bati erantzunak bilatuz: Nola artikulatu daitezke hizkuntza eta kultura politikak, eleaniztasuna eta kulturartekotasuna, euskara eta euskal kulturaren transmisioa bermatzeko?

Horretarako, Iratxe Retolazak (Emagin elkarteko kidea eta UEU kidea) hausnarketarako edukia eskaini zuen Hizkuntza eta Kultura Politikak: Non egiten dute bat, non elkar oztopatzen dute? hitzaldiarekin. Komunitate eleaniztun eta kulturaniztun batean kokatuta, euskara eta euskal kulturari bide emateko hizkuntza eta kultura politikek zein gorputz hartzen duten izan zituen aztergai.

Ondoren, hurbilketa akademikoari praxiaren ekarpena gehitu zitzaion euskara eta euskal kulturaren transmisioan lan egiten duten hiru esperientziekin osatutako mahai-inguruarekin. Din Daiako Larraitz Muñoa eta Josune Pascual (hezkuntza ez formaleko ekimena), Ion Celestino (musikaria eta musika irakaslea), Amets Aranguren (irakaslea eta musikaria) euren jarduna euskaraz garatzeko aldeko edo oztopo izan dutena, ikusten zituzten aukerak eta, aniztasunaren kudeaketari begira egiten zuten ekarpena izan zituzten solas puntuak.

Hitzaldiarekin eta mahai-inguruarekin hausnarketarako edukia jasota, dinamika parte-hartzailea burutuz bukatu zen saioa. Dinamikan, euskararen eta euskal kulturaren transmisiorako zein erronka dauden Nafarroan identifikatu ziren, kontuan hartuta komunitate eleaniztun eta kulturaniztun batean gaudela. Eragite eremuak anitzak izanik, arreta berezia jarri da hezkuntzan (formala eta ez-formala); honen aurrean hezkuntzak dituen erronkak eta eginbeharrak landuz.

Saioan jasotako ekarpenak Hezkuntza ekimenean Euskal Autonomia Erkidegoan eta Ipar Euskal Herrian gauzatutako foroetan bildutakoekin batera uztartuko dira, ibilbide partekatua marrazteko helburuz. Jasoak izango dira ere Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan eta Eskubide kulturalak: partehartzea eta gobernantzarako politikak proiektuen hausnarketetan.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp