Herri Txikien Akademiak ateak zabaldu ditu

Proiektuak

2022/10/06

Herri Txikien Akademiak ateak zabaldu ditu

2022ko irailean esperientzia pilotua Arabako hiru herrietan egin ostean, Euskal Herriko udalerrietara ireki da.

Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktorian egin zen urriaren 6an Herri Txikien Akademiaren aurkezpena, Eusko Ikaskuntzaren ekimenez. Saioan, halaber, Arabako Foru Aldundiarekin eta Vital Fundazioarekin batera Araban irailean egin diren hiru saio pilotuen berri eman zen eta horietan guztietan jasotako ondorio nagusiak laburki azaldu ziren.

Herri Txikien Akademia udalerri txikiek bere geroa jorratzeko abian jartzen dituzten egitasmoen inguruan esperientziak trukatu eta egitasmo berriei forma ematen laguntzeko gune gisa aurkeztu zen. Gogoeta eta ezagutza transferentziarekin batera, interes komuneko udalerriak elkarrekin egitasmo berriak lantzen jartzeko gune bat, besteek baliatutako tresnak ezagutu eta eskuratzeko espazio bat da.

Herri txikien kezka eta beharrak asetzea helburu hartuta, soluzio komunak garatu eta topatzeko elkargunea izango da. Azken buru udalerri osasuntsuagoak, iraunkorragoak eta komunalagoak izan daitezen. Beraz, aholkularitza eta trukerako metodologiak garatzea, saretze eraginkorra lortzea eta horren bitartez euren indarguneak identifikatu eta garatzeko aukera emango du Akademiak.

Dagoeneko Akademiak ateak zabalik ditu landa-ingurunean bizi diren herritar ekintzaile eta aktibistentzat; korporazio, elkarte eta mugimenduentzat (landa-garapenekoak, koadrilak edo kontzejuentzat eta abar); eta, oro har, interesa duen ororentzat.
 

Herri Txikien Akademia Araban

Akademiaren pilotua

Herri Txikien Akademiak pilotua antolatu du irailean Arabako hiru herrietan: Kuartango, Zalduondo eta Bernedon. Irailaren 13tik 27ra bitartean, hiru udalerri hauetan inguruko eragileak eta biztanleak elkartu ditu eta landa inguruneari eragiten dioten gai desberdinen inguruko aurkezpenak egin ostean, elkar-truke eta ko-sorkuntza dinamikak egin dituzte.

Landutako gaiak saio bakoitzean ondorengoak izan dira: ekintzailetza eta enplegua landa eremuan; belaunaldi arteko dinamikak eta bizitza komunitarioa; eta etxebizitza landa eremuan eta egitasmoak finkatzeko espazioak. Ardatz horien inguruan jasotako gogoetak eta ekarpenak txosten batean biltzen dihardu Eusko Ikaskuntzak eta 2022ko urte amaieran aurkeztuko du.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp