Herri Txikien Akademiak ateak zabaldu ditu

Proiektuak

2022/09/26

Herri Txikien Akademiak ateak zabaldu ditu

Irailaren 13tik urriaren 6ra, Herri Txikien Akademiaren lau esperientzia pilotu jarri dira abian Araban.

Interes komunak dituzten herrien artean hausnartzeko, ezagutza zabaltzeko eta lankidetzarako gunea da Akademia. Eusko Ikaskuntzaren Lurralde Oreka lan-programaren parte da, eta hiru helburu nagusi ditu: landa-ingurunearekiko eta herri txikien etorkizunarekiko kezka partekatzen duten eragileak sartzea; ezagutzak transmititzeko eta transferitzeko gune bat sortzea; proiektuak eta esperientziak trukatzea, eta proposamen berriak egitea.

Aurreko ikasturtean egindako proiektuaren gobernantza eta antolaketa diseinatu ondoren, udazken honetan lan-gai nagusiak hautatu dira eta metodologia esperientzia pilotu gisa aplikatu da. Lau saio antolatu dira Arabako herri desberdinetan.

Pasa den irailaren 13an, Kuartangon ekintzailetzaz eta enpleguari buruz aritu ziren lanean. Ondoren, hilaren 20an, Zalduondon egin zen bigarren topaketa, belaunaldien arteko dinamikei eta komunitate-bizitzari buruzkoa. Etxebizitza landa eremuan eta egitasmoak finkatzeko espazioak jorratu ziren astebete beranduago, 27an, Urturin. Azkenik, urriaren 6an, aurreko saioetan ateratako ondorioen bateratze-lana egingo da Laudion, eta Herri Txikien Akademia aurkeztuko da.

Akademiak ateak zabalik ditu landa-ingurunean bizi diren herritar ekintzaile eta aktibistentzat; korporazio, elkarte eta mugimenduentzat (landa-garapenekoak, Arabako koadrilentzat eta abar); eta, oro har, interesa duen ororentzat.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp