Gazteak Mugaz Gaindi: mugaz gaindiko gazteak etorkizuna diseinatzen

Foroak eta mintegiak

2023/01/17

Gazteak Mugaz Gaindi: mugaz gaindiko gazteak etorkizuna diseinatzen

Eusko Ikaskuntzak, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak eta Insup Formation-ek, NAEN euroeskualdearen laguntzarekin, Euroeskualdeko gazteen artean harremanak estutzeko programa bat bultzatu dute.

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean aurkeztu zen, urtarrilaren 17an, Gazteak Mugaz Gaindi programa, Eusko Ikaskuntzak, Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak eta Insup Formation-ek sustatua, NAEN euroeskualdearen babesarekin. Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen ildo estrategikoen esparruan txertatutako jarduera honen bidez, hiru lurraldeetako gazteen arteko elkar ezagutza sustatu nahi da, euren ahalduntzean lagundu eta beraien arteko harremanak sustatu, bai gizartean, bai ekonomian eta kulturan. Hori guztia, Euroeskualdea osatzen duten komunitateen inguruko topikoak, aurreiritziak eta ulertezintasunak gaindituz eta dauden indarguneak aprobetxatuz.

Eusko Ikaskuntzaren ordezkari Joseba Bergaretxek eta Insup Formationeko Marie-Jeanne Dedouitek parte hartu zuten prentsaurrekoan, NAEN euroeskualdearen ordezkari Marie Heguy-Urainez gain, datozen hilabeteetarako aurreikusitako saioen metodologia eta edukiak zehazteko. Bost izango dira urtarriletik maiatzera bitartean egingo diren topaketak. 18 eta 35 urte bitarteko 30 bat gaztek hartuko dute parte (hamar lurralde bakoitzeko), eta egoeraren diagnostikoa egingo dute beren bizitzetan eragina duten hainbat alderditan. Era berean, elkarrekin jarduteko ildoak zehaztuko zituzten.

Programa honek Eusko Ikaskuntzak diseinatu eta garatutako GizarteLAB Gizarte Berrikuntzako metodologia izango du, eta hainbat teknikaren konbinazioari esker, lurralde bakoitzeko gazteen lankidetza eta ahalduntzea sustatzen lagunduko du, balio partekatuak identifikatuz eta mugaz bi aldeetako gazteen arteko harremanak eta ezagutza indartuz.

Gazteak Mugaz Gaindi programaren lehenengo tailerra urtarrilaren 20an izan zen, Iruñean, eta elkarren ezagutzaren, aurreiritzien eta estereotipoen gaia jorratu zuen; bigarrenean, otsailaren 24an, Baionan, hizkuntza eta kultura komunari buruz hitz egingo da; martxoaren 24an, taldea Berara (Nafarroa) joango da, gazteen ongizatean eragiten duten faktoreak lantzeko (lana, etxebizitza); iraunkortasuna eta trantsizio ekologikoa eztabaidagai izango dira apirilaren 28ko Hendaiako tailerrean; itxiera gisa, osoko bilkura batean, maiatzaren 26an, Irunen, ondorioak aurkeztuko dira eta prozesuaren emaitzak ezagutaraziko dira.

Gazteak Mugaz Gaindi aurkezpena


Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp