Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuak badu irudia

XIX kongresua

2024/01/09

Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuak badu irudia

Urtarrilaren 9an aurkeztu zuten irudia Patxi Juaristi Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuko presidenteak eta Belén Moreno kartelaren egileak, kongresuko egoitza izango den Gasteizko Europa Jauregiaren aurrean.

Kartela aukeratzeko, Eusko Ikaskuntzak lehiaketa ireki bat deitu zuen, eta 44 proposamen jaso zituen. Proposamen horien artean lau finalista aukeratu ziren eta bazkideek gogokoena bozkatu zuten. Ondoren, epaimahai aditu batek Belén Moreno Zaldibar artista gipuzkoarraren Kohesioa izeneko lana aukeratu zuen.

Epaimahaiaren iritziz, proposamena “bat dator guztiz kongresuaren mezuarekin eta haren helburuekin”, eta ikuspegi berritzaile eta sortzailea aurkezten du diseinuari, tipografiari, koloreei eta estiloari dagokienez. Gainera, “bisualki erakargarria da eta hainbat irakurketa egiteko aukera ematen du: formetan, erdigunean kokatzen diren pertsonak ikusten dira, baina lurraldeak ere hautematen dira. Zirkuluak eta haien elkarguneak batasunarekin, lankidetzarekin eta kohesioarekin parekatzen dira, eta koloreak, formak eta neurriak aniztasunarekiko keinu argitzat hartzen dira. Era berean, irudian ikusten diren zuhaitzek Eusko Ikaskuntzaren haritza bera gogorarazten dute eta markarekiko hurbilketa gisa interpretatzen dira” zehaztu du epaimahaiak.

1918tik, Eusko Ikaskuntzak Eusko Ikaskuntzaren Kongresuak antolatzen ditu aldizka, ikerketa eta kultura sustatzeko, eta euskal gizartearen beharrei eta erronkei erantzun estrategikoak emateko, aurrerabidea sustatzeko helburuarekin.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp