"Euskal Herriko lurraldeen Liburu Berdea"

XVIII. Kongresua: Geroa Elkar-Ekin

2018/04/25

"Euskal Herriko lurraldeen Liburu Berdea"

Hainbat herritarrek, gizarte-eragilek, adituk eta erakundek hartu dute parte euskal lurraldeen kohesioari eta elkartasunari buruzko diagnostikoan. “Euskal Herriko lurraldeen Liburu Berdeak” jasotzen ditu horren emaitzak.

Geroa Elkar-Ekin eztabaida-prozesuaren bidez, Euskal Herriko lurralde guztietako akademia, erakunde, gizarte-eragile eta herritarrak barne hartuko dituen lankidetzako espazio bat jarri nahi dugu abian. Gero eta azkarrago aldatzen ari den mundu batean, gure herrialdeak behar duen gogoeta estrategikoa egiteko eginkizuna du lankidetzako espazio horrek.

Etorkizun kohesionatua eta solidarioa izan dadin, funtsezkoa da lehenago iragana ulertu eta orainaren aukerak eta gabeziak zedarritzea. Horregatik, lehen diagnostikoa proposatu dugu “Euskal Herriko lurraldeen Liburu Berdean”.

“Liburu Berdea” lagungarri izango zaigu jakiteko zer egoeratan dauden lurraldetasunaren dimentsio anitzak (balio-sistema, eredu politikoak, kulturalak, soziolinguistikoak eta sozioekonomikoak), etorkizunean komunitateak lurraldearen gainean garatuko duen ekintza kolektiboa emankorra izan dadin bertan bizi diren pertsona eta komunitateentzat.

Hainbat ezagutza eta esperientzia jasotzea izan da gure lana. Ziur aski, ideia kontrajarriak aurkituko ditugu; izan ere, helburua ez zen gai batzuen inguruan adostasunera iristea, baizik eta ahalik eta ikuspegi gehien biltzea, gure gizarte askotarikoaren irudi poliedrikoa lortze aldera.

Hemendik aurrera, datozen hilabeteetan egin diren Herritarren Mahaiek eta egingo diren Gizarte Foroek aberastuko dute liburua beren ekarpenekin. Horrela, alde batetik, “Liburu Berdearen” edukiak osatuz joango dira, eta, bestetik, proposamen-agenda partekatua zehazten hasiko gara, Euskal Herriko lurraldeen kohesioa eta elkartasuna indartzeko. Hau da, “Liburu Berdean” jasotako diagnostikoa eraldatuz joango da arian-arian “Liburu Zuriaren” lehen edizioan, eta bertan bilduko dira etorkizuneko agenda sozial eta instituzionalen oinarriak finkatzen lagunduko diguten agertokiak eta arkitekturak.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp