Esther Ferrer, Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria 2026

Sariak

2026/05/01

Esther Ferrer, Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria 2026

Artistari egindako aintzatespenak nazioarteko proiekzio handiko ibilbidea aitortzen du, arte garaikidearen berrikuntzan egindako ekarpen erabakigarriagatik.

Eusko Ikaskuntzak eta LABORAL Kutxak jakitera eman dute gaur 2026ko Eusko Ikaskuntza- LABORAL Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria curriculum nabarmenaren irabazlea. Sariaren epaimahaia Eusko Ikaskuntzaren eremu geografikoko zazpi unibertsitateetako eta Musikeneko ordezkariek osatu dute, Eusko Ikaskuntza eta LABORAL Kutxako ordezkariekin batera, eta Esther Ferrer ebatzi dute 2026ko irabazle gisa.

Esther Ferrer euskal sortzaile esanguratsuenetako bat da nazioarteko arte eta kultura esparruan. 60ko hamarkadaren hasieratik, diziplina anitzeko ibilbide zabala garatu du, izaera kritiko sakonekoa, hizkuntzaren eta denboraren mugak gainditzen dituena, eta gorputza bere sorkuntza lanaren erdigunean kokatzen duena.

Bereziki performance artearen esparruan ezaguna, Ferrerrek arte garaikidearen mugak berrinterpretatzen lagundu du, nazioartean eragin handiko lengoaia propioa finkatuz.

Bere lana izan handiko erakundeetan programatu da, hala nola Madrilgo Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionala, Guggenheim Bilbao Museoa, Valentziako Centre del Carme, Renneseko FRAC Bretagne, Parisko Val-de-Marne Arte Garaikideko Museoa, Rio de Janeiroko Arte Ederren Museo Nazionala edo Roskildeko Arte Garaikideko Museoa, besteak beste. Halaber, bere obra bilduma publiko eta pribatu garrantzitsuenetan dago, besteak beste: Madrilgo Sofia Erregina Arte Zentroaren Museo Nazionalean, Bartzelonako Museu d’Art Contemporani izenekoan, Parisko Centre Pompidou museoan, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Artium Museoan, Guggenheim Bilbao Museoan, La Caixa Bilduman eta Helga Alvear Fundazioan.

Bere ibilbide artistikoarekin batera, epaimahaiak nabarmendu du Euskal Herriko hezkuntzan egindako ekarpena. 1963an Donostian sortutako Adierazpen Libreko Tailer aitzindarian parte hartu zuen José Antonio Sistiaga margolariarekin batera, baita Elorrioko Eskola Esperimentalean ere. Ondoren, irakasle lan zabala garatu du Kanadako, Frantziako, Italiako, Mexikoko, Suitzako eta Espainiako unibertsitate eta Arte Ederren eskoletan.

Oro har, haren ibilbideak eta azken garaiko jarduerak agerian jartzen dute sorkuntzaren eta gizartearen egungo bilakaerarekin konprometitutako artista bat, artea askatasun-espazio gisa ulertzen duena.

Sarituak
 

Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte saria

Aurreko hilabetean jakitera eman zen Eusko Ikaskuntza- LABORAL Kutxa Gazte Sariaren irabazlea eta, sariak zortzigarren edizioa bete duen honetan, Maddi Alberdi San Martinek eskuratu du aitortza, “Gatibutasunetik askapenera: feminismo latinoamerikarrak eta euskal emakume abertzaleen bizipenak elkarrizketan” izeneko feminismoari eta euskal nazionalismoari buruzko ikerketarekin.

Saritutako proiektuak

Sari biak ekitaldi bakarrean emango dira, uztailean, oraindik zehaztu gabeko data batean.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp