Enkarni Genua, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria 2022

Sariak

2022/10/26

Enkarni Genua, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria 2022

Txotxongilo sortzaile, idazle eta kultur dibulgatzaileak Eusko Ikaskuntzaren saria jasoko du.

Enkarni Genua (Donostia, 1942) antzerki-sortzailea, idazlea eta kultura-dibulgatzailea da aurten Manuel Lekuona saria jaso duena. Eusko Ikaskuntzak sortu zuen sari hori, 1983an, euskal kulturaren alde egindako lanagatik nabarmendu ziren pertsona ospetsuen obra osoa (opera omnia) goratzeko.

Horrela, Eusko Ikaskuntzak orain arte saritu ez duen sormenaren esparrua aitortu nahi izan du, eta Genuaren ekarpena balioan jarri. “Txontxongiloen bidez, Enkarni Genuak euskal mitologiaren kondairak biziberritu eta gizarteratu ditu, ahozko transmisioaren bidez haurrenganaino helduz, euren iruditeria aberastuz eta euskal ahozko tradizioa balioan jarriz” nabarmendu dute Eusko ikaskuntzako ordezkariek. Zehazki, nazioartean ere, baldintza zailetan eta baliabide gutxirekin “txotxongiloen euskarazko emanaldiak nazioarteko jaialdietara eraman ahal izan dira, euskal kulturaren sustraiak ederki islatuz” adierazi dute Eusko Ikaskuntzatik.

Deustuko Unibertsitateko Filosofia eta Letretako lizentziaduna, 1971n, Manolo Gómezekin batera, Txotxongillo taldea sortu zuen. Talde horrekin, mende erdi baino gehiagoan, txotxongilo-antzerkia euskaraz egin du hainbat herrialde, hiri, eskualde, herri eta auzotan.

Idazle gisa, hainbat generotako haur eta gazte literaturako lanak (antzerki eta telebista gidoiak, ipuinak, diskoak...) eta material didaktikoak argitaratu ditu. Bere sorkuntzetan, ahozko literaturaren eta euskal mitologiaren elezaharrak suspertzeko ahalegina nabarmentzen da, publiko berrietara egokituz.

1992tik aurrera, Titirijai, Nazioarteko Txotxongilo Jaialdia martxan jartzen lagundu zuen, eta, ondoren, TOPIC—Txotxongiloaren Nazioarteko Zentroa sortzen, biak Tolosan. Sormen-gaitasuna eta ezagutzak ere partekatu ditu, aisialdiko begiraleen, irakasle-eskolako ikasleen eta eskola-tailerretako ikasleen prestakuntzaren bidez.

Hainbat aitorpen eta sari jaso ditu, besteak beste, Bilboko Udaleko Ercilla Saria (1980) edo Arte Eszenikoetako Ibilbidea aitortzen duen Victoria Eugenia Saria (2007). Donostiako Udalak hiritar merezimenduaren domina eman zion Txotxongilo taldeari 2013. urtean.

2014az geroztik, Lekuona Saria ebazteko, Euskal Komunitate Globalaren iritzia eskatzen da bozketa ireki bidez. Ondoren, epaimahai instituzional batek balioztatzen du emaitza. Aurten, Eusko Ikaskuntzaz gain, Soinuenea Fundazioa, Euskalerriko Adiskideen Elkartea, Barandiaran Fundazioa, Euskal Kultur Erakundea, Unesco Etxea, Etxepare Euskal Institutua eta Euskarabidea erakundeetako ordezkariek osatu dute.

Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura, Manuel Lekuona saria gauzatzen duena, ekitaldi publiko batean emango zaio, oraindik zehaztu gabe dagoen egunean.
 

Manuel Lekuona Saria 2022. Enkarni Genua

Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria eskuratu dutenen zerrenda:

2022: Enkarni Genua
2021: Jon Bagüés
2020: Jose Ramon Etxebarria
2019: Xabier Amuriza
2018: Mari-Jose Azurmendi
2017: Fermín Leizaola
2016: Jean-Louis Davant Iratzabal
2015: Joan Mari Torrealdai Nabea
2014: Antxon Aguirre Sorondo
2012: Soledad de Silva y Verástegui
2011: José Luis Ansorena Miranda
2010: Jose Antonio Arana Martixa
2009: Txomin Peillen
2008: Montxo Armendáriz
2007: Sabin Salaberri Urzelai
2006: Menchu Gal Orendain
2005: Elías Amézaga Urlézaga
2004: Jean Haritschelhar
2003: Jesus Atxa Agirre
2002: Armando Llanos Ortiz de Landaluze

2001: José Ignacio Tellechea Idígoras
2000: José Miguel Azaola
1999: Piarres Charritton
1998: José María Jimeno Jurío
1997: Micaela Portilla Vitoria
1996: Jorge Oteiza Embil
1995: Adrián Celaya Ibarra
1994: Xabier Diharce "Iratzeder"
1993: Francisco Salinas Quijada
1992: Bernardo Estornés Lasa
1991: Carlos Santamaría Ansa
1990: Gerardo López de Guereñu Galarraga
1989: Eugène Goyheneche
1988: Manuel Laborde
1987: Justo Gárate
1986: Andrés de Mañaricua y Nuere
1985: P. Jorge de Riezu
1984: Odón Apraiz
1983: Manuel Lekuona

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp