Ehun zubigile hezkuntza sistemaren etorkizuna elkarrekin lantzeko

Foroak eta mintegiak

2021/07/16

Ehun zubigile hezkuntza sistemaren etorkizuna elkarrekin lantzeko

Belaunaldien arteko lehenengo foro honen helburua Euskal Herriko hezkuntza sistemaren etorkizuneko agertokiak eta lehentasunak elkarrekin identifikatzea izango da.

Eusko Ikaskuntzak bere mendeurrenaren markoan ospatutako XVIII Kongresuan, hiru urtetan burututako askoren arteko hausnarketa emaitzak plazaratu zituen: Euskal Herriko Lurraldeen Kohesioa eta Elkarkidetzarako Liburu Zuria. Landutako ibilbidearen emaitzen artean euskal hezkuntza sistemaren inguruan hausnarketa bultzatzeko eskakizuna izan zen. Gure kasuan, hezkuntza sistemaz ari garenean, hiru hezkuntza sistemaz ari gara: Ipar Euskal Herrikoa, Euskal Autonomia Erkidegokoa eta Nafarroako Foru Erkidegokoa.

Lekukoa hartuta, Eusko Ikaskuntzak egitasmo zabala jarriko du abian etorkizuneko euskal hezkuntza sistemari buruz hausnartzeko: Hezkuntza sistema: etorkizuna elkarrekin lantzen Epe luzeko herri eztabaida bideratzeko gunea abian jartzea xede duena.

Gure lurraldeetako herritar, eragile, aditu eta erakundeak lankidetzan jarriko dira solasean, elkarren arteko ezagutza sustatzeko. Honekin, zabaltzen dugun ibilbideak beharko dituen Euskal Herri mailako aliantzak, konplizitateak eta konpromisuak josiko dituen elkarrizketa eremu egonkor bat osatzea bilatzen da.

Lehenengo urratsa, irailaren 11n Eureka! Zientzia Museoan ospatuko den foroa da. Horretan, egitasmoaren marko partekatua adostu eta eraikiko da eta ibilbidearen hurrengo pausuen oinarriak finkatuko dira.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp