Eguzki Urteaga Iparraldeko Eusko Ikaskuntzaren lehendakari

Berri korporatiboak

2018/05/14

Eguzki Urteaga Iparraldeko Eusko Ikaskuntzaren lehendakari

Iragan den maiatzaren 11an, Iparraldeko Eusko Ikaskuntzaren Administrazio Kontseiluak Eguzki Urteaga hautatu du lehendakari berri gisa baita Bulegoko gainontzeko kideak ere.

Eguzki Urteaga Soziologiako Irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean eta Ikerlari atxikia Social and Business Research Laboratory-an, alegia Rovira i Virgili Unibertsitateko ikerketa-gunean. Soziologian Doktorea eta Lizentziaduna da Victor Segalen Bordeaux 2 Unibertsitatean eta Historian Lizentziaduna Pau et des Pays de l’Adour Unibertsitatean. Dagoeneko 30 liburu argitaratu ditu, hala nola, La politique linguistique au Pays Basque (2004), La question basque en France (2004), La nouvelle gouvernance en Pays Basque (2004), La langue basque dans tous ses états (2006), Le vote nationaliste basque (2007) ala La Communauté Pays Basque : l’institutionnalisation du territoire (2017), baita ere 200 artikulu zientifikotik gora Europan, Hego Ameriketan eta Kanadan. Irakasle gonbidatua izan da Europako hainbat Unibertsitateetan (Bordele, Lobaina, Coimbra, Paris eta Rennes).

Era berean, Hizkuntza Kontseiluko zuzendaria izan da baita ere Iparraldeko Eusko Ikaskuntzako lehendakari-ordea Jean-Claude Larronde-n lehendakaritzapean.

Lehendakari berriak gobernantza eraberritu nahi du, lidergo argia adieraziz eta talde-lana berrindartuz. Bulegoko kide bakoitzak eta nahi dutenen Administrazio Kontseiluko kideek eginkizun zehatzak edukiko dituzte, horien ardura edukiz. Gobernantza honen helburua ahalik eta pertsona gehien inplikatzea da, bakoitza arduratzea eta, denboran zehar, eraginkortasuna bermatzea.

Lan hori burutzeko, Bulegoko kideen laguntza edukiko du, bere osaketa honakoa delarik :

  • Eguzki Urteaga. Lehendakaria
  • Argitxu Camus. Goi mailako irakaskuntzaz eta Hizkuntza politikaz arduratzen den Lehendakari-ordea
  • Viviane Delpech. Goi mailako irakaskuntzaz eta Ikerkuntzaz arduratzen den Lehendakari-ordea
  • Anne-Marie Galé. Kulturaz eta komunikazioaz arduratzen den Lehendakari-ordea
  • Claude Mehats. Diasporaz arduratzen den Lehendakari-ordea
  • Maitena Urmeneta. Enpresekiko harremanez arduratzen den Lehendakari-ordea
  • Isabelle Ajuriaguera. Garapen kontseiluan ordezkaria eta senidetzaz arduratzen den Lehendakari-ordea
  • Argitxu Etxandi. Idazkaria
  • Jean-Claude Larronde. Diruzaina

Iparraldeko Eusko Ikaskuntzak jarraituko du bere ohizko eginkizunak betetzen, hau da :

  • Hitzaldiak antolatzea
  • Jardunaldiak eta Kongresuak antolatzea
  • Bekak banatzea
  • Sariak ematea
  • Liburuak argitaratzea
  • Emanaldiak antolatzea
  • Egitasmo kulturalak antolatzea eta laguntzea
  • Eusko Diaspora egitasmoan parte hartzea
  • Baiona-Iruñea birazkartzea sustatzea.

Une berean, Eguzki Urteagak esparru berriak zabaldu nahi ditu, besteak beste :

  • Iparraldeko enpresekin partaidetza berriak adostea, diru-iturriak handitze aldera ;
  • Udalekin harremanak estutzea, aldebiko hitzarmenak izenpetuz eta Biltzar Nagusia urtero herri ezberdinean antolatuz ;
  • Iparraldeko erakundeekin harremanak sendotzea, eta bereziki Pau et des Pays de l’Adour Unibertsitatearekin eta Varenne Unibertsitate Institutuarekin, ekitaldi komunak antolatzea, giza, ekonomiko eta logistika baliabideak komunean ezarriz ;
  • Hegoaldeko erakundeekin harremanak sakontzea eta bereziki Hegoaldeko Eusko Ikaskuntzarekin ;
  • Banatutako bekak baliatzea, Gradu, Master eta Doktoretzako ikasleak baita ere irakasle-ikerlari gazteak erakartzeko, Eusko Ikaskuntzako kide aktiboak bilakatu daitezen ;
  • Komunikazioa garatzea, Eusko Ikaskuntzako webgunean ekoizpen dokumental eta ikus-entzunezkoak garatuz eta sare sozialetan presente izanez ;
  • Iparraldeko Eusko Ikaskuntzako lehendakariaren hitz-hartze publikoak, aldi oro, euskaraz hasi daitezen.

Berehalakoan, elkarteak bi lehentasun izango ditu : 1) antolaketa berria martxan jartzea ; eta 2) Eusko Ikaskuntzaren 100. urteurrenerako Kongresua eta Iparraldeko Eusko Ikaskuntzaren 25. urteurrena antolatzea, jakinik gertakizun garrantzitsuak izango direla elkartearen garapena bermatzeko.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp