Bizitza luzea Euskonews aldizkariari!

Argitalpenak

2023/09/08

Bizitza luzea Euskonews aldizkariari!

Nork esango zigun hogeita bost urte geroago oraindik bizirik dagoen proiektu baten hausnarketa-unetxo batez gozatuko nuenik! Hedabideetan bazeuden aditu burutsuak berehalako heriotza iragarri zigutenak. Eta garai hartan artean txikitxoa zen mundu birtualean euskaldun eta erdaldun guztiengana iritsiko ziren edukiekin astekari digital bideragarririk ikusten ez zutenak. Eszeptikoak legio ziren. Baina 1998ko Eusko Ikaskuntzan bazen estereotipoekin eta egitura geldiekin hautsi nahi zuen zerbait. Eta txipa aldatu zen.

Mundu osoan gizarte eredu berri batean sartzen ari ginen. Sareko komunikazioa ezinbesteko tresna bihurtzen ari zen. Argi genuen Eusko Ikaskuntzak presente egon behar zuela ibilbide berriaren hasiera hartan. Laurogei urte lehenago bezala, erakundea martxan jarri zenean. Eta horretaz konbentzituta, bideari ekin genion, ondo egindako lanaren, ilusioaren, irmotasunaren eta giza talde batengan ipinitako konfiantzaren bitartez; teknologia berriek eskain zezaketenaren inguruan asko jakin gabe, argi geneukan aurrera egiteko aliatu behar genituela bitarteko sofistikatu haiek. Eta aurrera egin genuen, pausoz pauso. Gogoan dut Miramarreko bulegora goizean heltzen nintzenean lehen lanetako bat aldizkariaren bezperako irakurketa estatistiken atala kontsultatzea ohi zela. Eta oraindik gordetzen dudan koaderno batean apuntatzen nituen gehien kontsultatutako orrialdeak eta irakurleen jatorriak. Eta biharamuneko erronka pixka bat haratago joatea zen. Berdin zuen tamainak, aurrerapena zen helburua.

Arantza, Kote eta hiruon ideia original hura Eusko Ikaskuntzako gainerako lankideek bere gain hartu zuten eta proiektu izar bati eman genion itxura; elkartearen beraren garapenari onura handia emango ziola ziur geunden. Zenbat orduko lan erredakzio taldean! Kanpoko kolaboratzaileek Interneten idaztea posible zela eta euren ekarpenak munduko edozein lekutan arazorik gabe irakur zitezkeela sinetsi behar zuten garaia zen. Batzuek ez zuten uste halako aukera zenik. Baina pixkanaka parte-hartzaileen kopurua eta edukien kalitate maila gora eta gora joan zen.

Eta Euskonews Euskal Herriko lehen kultur astekaria bilakatu zen, euskal unibertsoan erreferentea. Aldizkariak euskal diasporarekin zubi-burua egin zuen, kanpo eta barne-komunitateak batzeko tresna aproposa ikusten baitzuen bertan. Eta lankidetza-mugimendu eredugarri bat sortu zen, hainbat herrialdetako balio handiko elementuekin KOSMOpolita sailari forma emanez, eta nazioarteko balio handiko lankideak agertu zitzaizkigun.

Bide batez, Argentina, Txile, Mexiko eta beste zenbait herrialdetako kolaboratzaileekin eta bertako irakurleekin, gerora Euskosareri forma emango zion konglomeratua sortu genuen; Euskonewsen ondoriozko Euskosare mundu mailako beste ekimen bat izan genuen, zeinak -tamalez- ezin izan zuen jasan erakunde publikoetako zenbait pertsonaia txikiren jazarpena, bekaizkeriak eta esne txarrak itsututa.

Euskonewsek, ordea, jasandako erasoari eutsi egin zion. Izan ere, erasoak pairatu zituen aldizkariak. Etsigarria izan zen gu aldizkariaren arduradunontzat, urtero euskara barne hartzen zuten argitalpenetarako laguntza publikoetatik kanpo geratzea. Edo zerbait ematen baziguten... iraingarria zen. Gure hizkuntza lehen momentutik izan zen aldizkarian lehentasuna. Kolaboratzaileak animatzen genituen euren kolaborazioak euskaraz aurkez zitzaten, egokitzat jotzen zuten hizkuntzara itzultzea gure aldetik ahalbidetuz. Horrela, Euskonews-ek euskarazko artikuluen ehunekoa, Eusko Ikaskuntzaren paperezko beste edozein aldizkari baino argi eta garbi handiagoa eskaini zuen. Euskonews-ek ez zuen formatu fisikoaren kosturik eta paperean aurreztutakoa gaztelaniara, frantsesera edo ingelesera itzultzeko inbertitzen genuen. Lehenengo zenbakitik elkarrizketa zentrala bi hizkuntzatan eskaini zen, euskara derrigorrezkoa izanik. Sinetsita geunden euskara idatzia kultura hizkuntza sortzaile gisa indartzea beste hizkuntzetara itzultzeak zekarrela. Eta frogatu egin genuen.

Baina Euskonews ez zen literatur espazioa soilik; euskal artistei astero espazioa eskaintzen zien arte galeria ere ireki zen. Beste ataletako bat argazki zaharrak berreskuratzeari eskainitakoa izan zen eta da. Eta, sinesgaitz asko harritu zituen zerbait, herrialde honetako hainbat pertsonaia esanguratsuri egindako elkarrizketak bideoz grabatzea izan zen. Ausartuko nintzateke esatera, Euskonews-ek Euskal Herriko beste inon existitzen ez den testigantza historikoen ikus-entzunezko bildumarik baliotsuena sortu zuela.

Euskonews izan zen geroago jaiotako eduki eta informazioko agerkari pribatu eta publiko askoren adibidea. Eta azpimarratu behar dugu inork ez ziola ezer oparitu Eusko Ikaskuntzari bere ekimena aurrera eramateko. Euskonewsen meritua izan da ere denborarekin egokitzen jakitea. Hogeita bost urtetan gauza asko aldatu dira eta aldizkariaren arduradunek unean uneko erabakiak hartu behar izan dituzte kultura eskaintza eta horren hedapenaren bitartekoa gaurkotzen joateko. Hori bai, edukiak sendo iraun du. Belaunaldi gazte batek beretzat dauka Euskonews – oraingo kolaboratzaile asko baino adinduagoa- eta odol berria korritzen da aldizkariaren zainetatik. Ezinbestekoa, guztiz, etorkizuneko zeruertzei begira jarraitu ahal izateko.

Lortutakoa –eta lortzen jarraitzen du– aitzindari haien eta ondorengoen gogoari esker izan da, moldeak hautsi zituen aldizkari baten aldeko apustua egin baitzuten. Horixe zen Eusko Ikaskuntzaren egiazko estiloa.

Bizitza luzea Euskonews aldizkariari!

 

Josemari Velez de Mendizabal

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp