Ondarea

2015/01/14

Auñamendi, 45 urte euskal kultura zabaltzen

Bere 50 urteak ospatzeko bost urte besterik ez dira falta eta AEE aurrera dihardu, eduki berriak jaso eta zabalduz, teknologia berrietara egokituz eta bere erabiltzaileengana gerturatuz.

Auñamendi, 45 urte euskal kultura zabaltzen

141.300 artikulu dira gaur egun Auñamendik eskaintzen dituenak. Hainbat ezagutza arlotan (Artea, Literatura, Historia, Ekonomia, Musika, Hezkuntza, Antropologia,?) sailkatutako mota ezberdineko eduki interesgarri eta aberasgarriak dira guztiak, euskal kultura eta herriarekin zerikusia dutenak. Lehen mailako testuak, bai edukien aldetik, baita euskara mailaren aldetik ere. Urtetan zehar sortutako egile sare sendo eta zabalak bermatzen du hori. Irakasleak, ikerlariak eta hainbat gaietan adituak diren 300 pertsona inguru dira Auñamendi elikatzen jarraitzen dutenak. Dena den, entziklopediaz ari garenean, ez gara testuez bakarrik ari. Izan ere, azken urtetan izugarrizko garrantzia eman zaie multimedia baliabideei. Milaka argazki eta ehundaka bideo gehitu dira (2014an bakarrik, 574 eta 154 hurrenez urren), horretaz gain estekak, aurkibideak eta portadak ere landuz. Azken finean, irudia da nagusi XXI. mende honetan eta ezinbestekoa da errealitate horretara egokitzea. Eta baliabide horien guztien artean, ezin aipatu gabe utzi entziklopediako erabiltzaileen artean horren arrakastatsuak izan diren mikrobideoak, 30 segundutan hainbat pertsonaien biografiak kontatzen dizkigutenak: Bizenta Mogel, Carmelo Bernaola, Eulalia Abaitua, Xabier Munibe, Pedro Viteri edo Elbira Zipitria, besteak beste. Mikrobideo bakoitza Auñamendi entziklopediako dagokion biografian ikusi ahal izango da, pertsonai horiekiko interesa piztuz.

Auñamendi, 45 urte euskal kultura zabaltzen

Auñamendi Eusko Entziklopediak teknologiek eskaintzen duten aukerak aztertu, bereganatu eta aplikatu ahal izan ditu, bere erabiltzaileen beharretara egokituz, haien jakinmina asetuz eta euren eskaera eta galderei modu eraginkorrago batean erantzunez. Hori bai, badira aurrera begira bete eta gainditu beharreko erronka eta helburuak. Beraz, guztiak lortu eta gainditzeko lanean jarraituko du gogoz. Auñamendi Eusko Entziklopedia! Gure memoriaren gordailu. Gure etorkizunaren lekuko.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp