Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan: gazteen begirada, bigarren fasea amaituta

Proiektuak

2022/09/21

Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan: gazteen begirada, bigarren fasea amaituta

Nafarroako lurraldearen herritarren arteko bizikidetza hobetzea helburu duen proiektuak aurten gazteen begiradari eman dio protagonismoa, bigarren eta azken faseari amaiera emanez.

Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan izeneko egitasmoa Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko lankidetza markoan kokatzen da. Egitasmoak bi ardatz nagusi hauetan jartzen du azpimarra: bizikidetza aniztasunean, batetik, eta proiektu partekatu baterako kultura demokratikoan, bestetik.

Aurreko urteotan egindako lanketaren ondorioz, aurtengo jarduerak hipotesi orokor honetatik abiatu dira: Nafarroan azaltzen den bizikidetza gatazkaren arrazoi ildo garrantzitsu bat –ez bakarra- nazio identitateari eta gizartearen polarizazio ideologiko mailari lotua dago. Gatazka hori gainditzeko bidean, beharrezko jo da hiru gai hauen inguruan gogoeta egitea: gizarte konfiantza, euskararen balizko politizazioa eta Nafarroako Administrazioaren zeregina.

2022ko helburua gazteen begirada txertatzea delarik, abiapuntuko hipotesia beraiekin kontrastatzeko lanetan egon da murgilduta proiektuaren Talde Eragilea. Garrantzi berezia eman zaio beraien ikuspuntuari, belaunaldi aldaketak beste iritzi batzuk islatu ditzakeelako. Gazteen diskurtsoetan aldaketarik dagoen aztertzea da helburu nagusienetarikoa, eta horretarako eztabaida talde ezberdinak sortu dira: Gazte ez politizatuak eta Gazte politizatuak. Lehenengo fasean “Gazte ez politizatuen” iritzia jaso ondoren, bigarren fasean, “Gazte politizatuek” hartu zuten protagonismoa.

Uda aurretik Iruñean ospatutako lau saioetan Nafarroako nazio identitate eta sentsibilitate politiko ezberdinak jasotzen duen 8 gaztez osaturiko taldeak 2021eko txostenari buruzko iritzia eman zuten. Horretaz gain, Talde Eragilearen hipotesiak kontrastatu zituzten, lehenengo fasean elkartutako “Gazte ez politizatuen” ikuspuntuak ezagutu zituzten, bizikidetzari begira egon daitezkeen arazoak identifikatu zituzten eta bizikidetzarako aukerak aztertu.

Bigarren fase hau amaiturik, proiektuaren Talde Eragileak aurtengo txostenaren erredakzioan dabil murgilduta. Emaitzak laster emanen dira ezagutzera.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp