Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan: askoren arteko mintegia

Proiektuak

2023/02/22

Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan: askoren arteko mintegia

Martxoaren 9an, Iruñean, adituek eta eragileek Nafarroako aniztasunaren kudeaketa demokratikoaren inguruan egin den lana aztertuko dute.

2019an abian jarri zen Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan programa, Eusko Ikaskuntzaren ekimenez, Nafarroako Foru Gobernuaren laguntzarekin. Bi ardatz ditu: balio komun batzuen arteko bizikidetza aniztasunean, eta kultura demokratikoa. 

Programa partehartzailea, deliberatiboa eta irekia izan da. Herritarren Mahaien eta Gizarte Foroen bidez, foru-lurraldean bizikidetza desitxuratzen duten elementuetan sakondu da, eta, aldi berean, erantzun demokratiko posibleak aztertu dira. 2022an, gazteen iritzia ere jaso nahi izan zen, Nafarroako nortasunaren konplexutasunari eta aniztasun ideologikoari buruz.

Aurten, jasotako proposamen eta iritzi guztiak aztertu eta baloratuko dira, Nafarroako Administrazioaren, esparru politikoko kontseiluen eta eragileen esku jarri aurretik.

Testuinguru horretan, "Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoa Nafarroan: askoren arteko mintegia" jardunaldia egingo da martxoaren 9an, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Iruñean. Han, jasotako proposamenek izan dezaketen ibilbidea aztertuko dute proiektuan parte hartu duten pertsona esanguratsuek, ikuspegi berritzaile eta kritikoa duten aditu eta eragileekin batera. Talde dinamika banatan, bi gai nagusi jorratuko dira: konfiantza, kohesioa eta adostasuna; eta euskara eta nazio identitateak. Mintegia osoko bilkura batekin itxiko da.

Azkenik, proiektuaren emaitzak eta Talde Eragileak egindako iradokizunak argitalpen batean jasoko dira, egindako lana gizarteratzeko.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp