Adimen artifiziala: arriskuen gainetik, aukerak

Hitzaldiak eta Jardunaldiak

2023/11/20

Adimen artifiziala: arriskuen gainetik, aukerak

Eusko Ikaskuntzak eta Jakiundek antolatu zuten aurkezpen eta eztabaida saioan Adimen Artifiziala izan zuten hizpide, RIEV-Revista Internacional de los Estudios Vascos aldizkariaren 67.2 zenbakiaren aurkezpenean.

Gasteizko Ignacio Aldecoa Kultur Etxean “Adimen artifiziala gaur: arriskuak, erronkak eta aukerak” aurkezpena izan zen azaroaren 20an, Eusko Ikaskuntzak eta Jakiundek antolatuta, 2021ean sinatutako lankidetza hitzarmenaren baitan kokatzen den RIEV-Revista Internacional de los Estudios Vascos aldizkariaren 67.2 zenbakiaren aurkezpenari lotuta.

Saioari hasiera eman zioten Asier Etxenikek Eusko Ikaskuntzako Arabako ordezkariak eta Ignacio Arganda Carrerasek, 67.2 zenbakiaren editorea eta Jakiundeko kideak. Erakunde bien arteko elkarlana kokatu zuten, 2021ean abiatu zena eta ahalbidetu duena Zientzia, Arte eta Letren Akademia RIEVen kolaboratzaile egonkor gisa sartzea, eta bere gain hartzea urteko bi liburuetako baten edizio osoa. Asier Etxenikek Eusko Ikaskuntzaren konpromisoa eta zeregina azaldu zuen “ez bakarrik maila akademikoan, egikaritzan ere, elkarlana oinarri duelarik”. Arganda Carrerasek ekoiztutako 67.2 zenbakiaren inguruko xehetasunak eman zituen: bederatzi artikulu, zeinetan “Adimen Artifizialaren garapenaren eta eraginaren hainbat alderdi jorratzen dira, bai eta ikerketak alor horretan gaur egun duen egoerari buruz eta etorkizunean izan ditzakeen ondorioei buruz ere”.

Jarraian Nafarroako Unibertsitate Publikoko Konputazio Zientzien eta Adimen Artifizialeko katedradun eta Jakiundeko kidea den Humberto Bustince, eta UPV/EHUko Informatikako katedradun eta Hizkuntza Prozesamenduaren eta Adimen Artifizialaren arloetako ikerketan Euskal Herrian aitzindari den Arantza Díaz de Ilarraza kidearen arteko eztabaida izan zen. Euren solasean AAk gure eguneroko bizitzan nola eragiten digun eta zer desabantailak dituen aztertu zituztne, giza adimenaren eta adimen artifizialaren arteko desberdintasun nagusiak azaldu, AAren garapen eta hedapena landu eta gizarte-erronka konplexuetan zer ekarpen izan ditzaketen mahaigaineratu zituzten. Euren arteko solas osoa Eusko Ikaskuntzak zabalduko du hurrengo egunetan bere Solasaldiak atalean.

Eguna ixteko, bertaratukoekin parte hartzea zuzena izan zen galdera-erantzunen bitartez.

Adimen artifiziala: arriskuen gainetik, aukerak

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp