Abian da 2017ko Barandiaran Bekaren deialdian izena emateko epea

Bekak

2017/07/01

Abian da 2017ko Barandiaran Bekaren deialdian izena emateko epea

Arkeologia alorreko ikerketei zuzenduta egongo da 2017ko deialdia. Proposamenak 2017ko urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dira.

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak Barandiaran Beka 2017 deialdia abiatu du. Arkeologia alorreko ikerketa bultzatuko du edizio berri honek, eta interesatuek 2017ko urriaren 31 baino lehen aurkeztu beharko dute euren proposamena.

On Jose Miguel Barandiaranek urte asko eman zituen arkeologia lantzen, eta haren itzala oso luzea da Euskal Herriko indusketa arkeologikoetan. Hori dela eta, aurtengo deialdiak helburu garbi bat izango du. On Jose Miguel Barandiaranek abian jarri zituen ikerketa lanak egun nola dauden aztertzea, hots, bitarte honetan egin diren indusketek eman dituzten fruituak ikertzea, hala nola Santimamiñe, Lezetxiki edo Urtiaga, aztarnategi batzuk aipatzearren. 

Helburua izango da digitalizatutako informazio horren guztiaren azterketa kritikoa, Fundazioak oraindik argitaratu gabe dituen datuak publiko orokorrari nahiz egungo arkeologoei itzultzeko. Azken emaitza izango da testu idatzia, non kontestualizatuko diren aztarnategi horretan egindako aurkikuntzak ebakidura estratigrafikoekin, argazkiekin, oinplanoekin eta indusketa bukatu ondoren, lekuaren inguruan eginiko gainerako ekarpen eta analisiekin. 

Jatorrizko irudi eta testuetara jotzeko, Fundazioaren web orrialdean esteka batzuk ipintzea ere aurreikusia dago. Barandiaranek burututako egunerokotasuna sendotuta geldituko da horrela, eta bere lanetatik oraindik erauzi daitekeen informazio guztia gizarteratuko da, XXI. mendeko formatu batean, Oroimen Digitalaren era batez, hain zuzen ere. 

Bekaren diru-laguntza 10.000 euro izango da, eta norbanakoek zein lantaldeek hartu ahal izango dute parte deialdian.

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak 2017ko abenduaren 15ean emango du epaiaren berri. Urtebeteko epea izango du jasotzaileak lana egiteko. Epaimahaiak, halere, beka esleitu gabe utz dezake, irizpideen arabera aurkezturiko proiektuek ez badituzte baldintzak betetzen.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp