Manuel Lekuona Saria emateko oinarri berriak onartu ditu Batzorde Eragileak, azken Batzar Nagusian iragarri zenez. Urte honetatik aurrera aplikatuko dira.

Oinarrietan egindako aldaketak hautagaitzak aurkezteko modua eta aukeraketaren ingurukoak dira, baina 1983tik mantentzen den izaerari eutsiko dio, Komunitate Globalarentzat ekarpen garrantzitsutzat hartzen den obra osoa (opera omnia) duten pertsonei aitorpena egiteko xedez.
Aurrerantzean, hautagaitzak aurkezteko modua desberdina izango da. Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak aurkeztu ahal izango ditu hautagaitzak, bai eta gutxienez Batzorde Eragileko hiru kidek edo Eusko Ikaskuntzako hamar bazkidek gutxienez.
Hautagaitzak onartuta, bozketa irekia egingo da Eusko Ikaskuntzako kide zein Euskal Komunitate Globaleko kide guztien artean. Horretarako gune bat egongo da web orrian. Azkenik, Eusko Ikaskuntzak eta zazpi erakundeetako ordezkariek osatutako epaimahai instituzional batek botoa emango du.
Azken kontaketa honela egingo da: Eusko Ikaskuntzako kideen erabakiak %35eko pisua izango du, Euskal Komunitate Globalarenak %15ekoa eta Epaimahai Instituzionalarenak %50ekoa.
Eusko Ikaskuntzak bermatu egingo du Manuel Lekuona Sariak Euskal Herriko lurraldeetako errealitateak islatzea eta emakumezkoen hautagaitzak aurkeztea sustatuko da.
2014ko hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 15ean amaituko da. Erabakia 2014ko abenduan zehar emango da ezagutzera.
