Daniel Innerarity. Filosofoa: Ona litzateke intelektualek politikan gehiago lagunduko balute

2015-04-01

AGUIRRE SORONDO, Juan

ZURUTUZA ZAPIRAIN, Juanmari

Daniel Innerarity gizarte eta politika filosofia katedraduna da, Euskal Herriko Unibertsitatean IKERBASQUEko ikerlaria eta Gobernantza Demokratikoko Institutuko zuzendaria. Filosofia Doktorea, ikasketak Alemanian zabaldu zituen, Alexander von Humboldt Fundazioan bekadun lanetan alegia, baita Suitza eta Italian ere. Europako zein Amerikako hainbat unibertsitatetan irakasle laguntzailea izan da, besteak beste Florentziako Robert Schuman Centre for Advanced Studies Europar Institutuan edota Londoneko School of Economics delakoan. Gaur egun Pariseko Maison des Sciences de l’Homme Fundazioan Ikasketa zuzendari laguntzailea da.

Pentsamolde kritikoaren balioaz gizarte demokratikoan. Eta, bere ustetan, intelektualek (filosofoek) eskain dezaketen ekarpenaz betebehar politikoan esku hartzen dutenean.

Betidanik pentsatu izan dut politika oso lanbide konplexua dela, oso pertsona desberdinak behar direla politikan. Profesionalak behar dira. Une honetan, politikak berau lanbide bezala hartzen duten pertsonak eskatzen ditu, hau da, ez daitezela afizionatu hutsak izan. Baina aldi berean, ondo funtzionatzeko, politikak sartu eta atera egiten den pertsonak behar ditu, hainbat arloetatik, besteak beste, komunikazioa, enpresa, ekonomia, unibertsitatea edota mundu intelektuala esaten diogun horretatik.

Hala ere, azken boladan ikusi izan dugun bezala, poesia, pentsamoldea, unibertsitatea, ... hainbat esparrutik etorritako pertsona horien partaidetza ez litzateke behar benetan eraginkorra berez politikak duen logika onartuko ez balute. Ni unibertsitateko irakaslea baldin banaiz eta politikan sartzen banaiz, ezin naiz legebiltzarrera klaseak ematera joan, edota mitinetara, berezkoa duen logika errespetatu egin behar da. Politikak bere funtzionatzeko modu propioa dauka. Esperientzia gisa, hortxe dauzkagu inolako arrastorik utzi gabe politikan jardun izan duten hainbat lagun politika eraldatu egin behar zela uste zutelako, enpresa edota komunikazioaren logikaz aldatu nahi zutelako, edo unibertsitateko klasea balitz bezala hartu. Nire ustez horrek guztiak politika pobretu egiten du aberastu ordez.

Beraz, nire erantzuna zera litzateke: ea intelektualek politikan gehiago laguntzen duten. Nire ustez, politika bera ideien gaineko eztabaida eta funtsaren azterketa eskatzen dituen lekua da, baina beti ere logika propioa duen esparrua dela onartuz, ez baita, adibidez, unibertsitatearen logika.

Ikasketa egitasmoetan giza jakintza alde batera uztea “kudeaketaren errealismoa” lehenetsiz, ez al da hondamenditzat hartu behar?

Nire ustez bai. Nik esango nuke oreka gutxi daukaten gizarteetan bizi garela. Halako gizarteetan, batez ere euskal gizartean, baina baita gure inguruko gizarteetan, oso hedapen teknologiko handia sumatzen da eta aldi berean gizarte zientzien edota gizakiaren gaineko jakintzaren garapena oso urria da. Bere garaian Koldo Mitxelenak berak antzeko kezka azaldu zuen, eta azkenean oso garesti ordaintzen da.

Nire ustez, egun bizi dugun gizartean oso hedapen handia izan dute gertaeren edota neurtu daitezkeen gauza zehatzen gaineko zientziek, arazoak konpontzen dituzten teknologietan isla baitute, objektiboki neurtu daitezkeen datuetan ere ikusi daitezkeelarik. Mundu osoak balioesten dituen zientziak dira. Aitzitik, interpretazioaren zientziak esaten diegun horiek ez dute helburutzat zerbait neurtu, pisatu, aurreztu edo sustatzea; berez, kultura kritikoa eragin nahi dute, datu eta neurketa horiek kritikoki aztertu daitezen. Kontua ez da zenbat pisatzen duen jakitea, zenbat neurtzen duen edota zer etekin eskaintzen dituen. Kontua zera litzateke: bidezkoa da?, komenigarria da?, ederra da?, egokia da? ... Halako galderek ez dute tratamendu egokia izaten, ez diegu berez duten garrantzia ematen.

Nire ustez, oso desfase handia dago lehen zientziak eta letrak esaten genien bi horien artean, nik aldiz honela esaten diet: objektibitatearen zientziak eta interpretazioaren zientziak.

Politika elkartzeko gunea izan dadin eta ez bakarrik elkarri aurka egiteko, zuk zeuk “uler ezazue!” ekartzen duzu burura. Hau jendaurreko hitzaldietan nabaria den irrazionaltasuna eta sentiberatasunari aurre egiteko bidea litzateke? (Neurri handi batez erresistentzia heroikoa izanik)

Uler ezazue! esaten dut politika mailan hainbat erakunderen funtzio nagusia kritikatzea, epaitzea, edota baloratzea delako ... Eta nire ustez hiritarrok ere jokoan dagoena gure esku hartu behar dugu, politika ulertu behar gu, zertaz doan ikusi. Ziur asko, politikan heziketa hobea izanez gero, politikan benetan jokoan dagoena jakingo bagenu, hiritarrak bezala ardurak geure esku hartzeko aukera handiagoa izango genuke.

Emozioak edota afektuak direla eta, nire ustez gutiz garrantzitsua da zera ulertzea, politika bera sentiberatasun karga handia duen gunea dela, baina hori behar den moduan bideratu behar da. Esaterako, pentsa dezagun krisialdia bera, neurri handi batez, aldaera dramatikotzat hartu daitekeela, euforia garaian ikaragarrizko ondorioak izanik. Finantza mailako euforia da eta nonahi nabaritzen da: banketxeetan, kontsumitzaileengan, ia mundu osoan, arautzaileengan (lana gaizki egin bazuten ere). Eta bat-batean, hainbat egoera direla medio, ekonomiak behera egiten du eta nolako egoera topatzen dugu? Izua nonahi zabaltzen da.

Une hauetan, jendearen artean beste emozio bat nabaria da, beste osagai afektiboa, ikara alegia. Halako ikarak inbertitzaileak, kontsumitzaileak, arautzaileak eta gobernuak kikildu eta lotu egiten ditu. Eta horrela uler daiteke, une hauetan, gure sistema ekonomikoen erronka nagusia zera izatea: nola lortu esparru ekonomikoan gutxieneko konfiantza maila egotea, eta horri esker, jendeak arriskuak har ditzala denak hobeto funtziona dezan. Hau da, esparru publikoak oso lotura estua dauka emozioekin, eta azken horiek ez baldin badira behar den moduan, gobernatzen, egituratzen eta orekatzen, jokabide guztiz arinak eragiten dituzte, traba larriak sorraraziz edota azkenean zentzurik gabeko emaitzak ekarriz. “Nire ustez erronka nagusia politika bera indarberritzea da”.

“Laztura ekonomikoaren” aurrean, “gizakion itxurazko ekonomia” nahiago izango genuke. Ba al dugu itxaropenik? Zer egin dezakegu gobernatzen gaituzten merkatuena ez den beste garaian/espazioan bizi garen hiritarrok?

Nire ustez erronka nagusia politika bera indarberritzea da. Horixe da gehien kezkatzen nauena, azken urte hauetan gehien landu dudana eta horretan ari naiz.

Gizarteaz eta gertatzen ari denaz hitz egiten dugunean, bi diagnosi mota burutu ditzakegu eta horrela bi ondorio guztiz ezberdinak lortu daitezke. Zenbait diagnosiren arabera, politika indartsuegia da eta horrela hartu beharreko neurrien xedea hain politika sendoaren aurrean geure burua babesteko izango dira. Horixe da Ilustrazioaz geroztik gizaki modernoak egin duena; boterea mugatu egin behar da, kontrolatu egin behar da, berau aztertu eta monitorizatzeko sistemak finkatu behar dira, botere politikoak berak aztertzen eta neurtzen ari garela sentitu dezan. Boterea banatzeko erakundeak edota gardentasuna halako azterketen ondorio dira, indartsuegia den boterearen aurrean eskubideak defendatu nahian sortzen dira. Nire ustez hori ez da gaur egun bizi dugun egoera, baina hala ere neurri horiek oso ondo daude eta oraindik beharrezkoak dira.

Gaur egun politikaren inguruko oinarrizko diagnosia zera litzateke: politika bera oso ahula dela, indarrik gabeko politika bizi dugu. Alde batetik, finantza merkatuek ahuldu egin dute, dena suntsitzen baitute, eta halako indarra izanik edozein gobernu edota arau deuseztatzen dute. Bestalde, komunikazioaren esparrutik datorren logikaren eragina dugu, hau ere oso indartsua eta sendoa baita. Politikaren gainean komunikazioak duen erritmoa ezartzen du, mota zehatz bateko mezuak eta jarrerak finkatuz, berez horrelakoak askotan guztiz frenetikoa izaten den hedabideen espazioari dagozkielarik.

Beraz, funtsean oso politik ahula dugu eta hiritarrak garen heinean gure ardura nagusia politika bera indarberritzeko bideak topatzea litzateke. Ez politikariak, kontua ez da politika zehatzei edo politikariei botere handiagoa ematea, politika bera sistema bezala indartu beharko litzateke. Berez, oreka, moderazioa, banaketa berria, justizia, ... bezalako arloei dagozkien funtzioak betetzeko gai izan dadila. Bizi dugun mundu honetan finantza fluxu handiak eta interes mediatiko eta ekonomiko izugarriak jasaten ditugu eta ez dute politikaren berezitasuna inolaz ere errespetatzen.

Europa batua, “arrisku komunitatetzat” hartuz gero, bizirik iraungo ote du hiritarron benetako demokrazia edota gizarte komunitate solidarioa bilakatu gabe?

Europa oso asmakizun handia izan da —Europar Batasuna, Europako integratze prozesua—, eta hainbat promesetan oinarritu da. Lehenik eta behin, Bigarren Mundu Gerraren ostean, helburu nagusia kontinente zaharrean bakea lortzea zen. Gaur egun, 70-80 urte igaro eta gero, esan genezake izugarrizko arrakasta izan dela. Europan bertan ez da aparteko gerrarik izan, Jugoslavia zaharrean gertatu zena izan ezik, eta gainera ez ziren Batasuneko kideak. Une hauetan pentsa ezina bi herrialdeen arteko gatazka belikoa gertatzea, Integrazioa helburu duen esparru politiko berean dauden heinean alegia. Horregatik, Europak Bakearen Nobel Saria merezi zuen, baina hori jada amortizatuta dagoen zerbait da, ez dago lehentasunen artean sartzen, jendeak ez du zerbait berezitzat jotzen, ez baikaitu aurrera eramango.

Europa mailan bazegoen beste promesa bat, hau da, oparotasuna agindu ziguten, eta horrekin batera, merkatu libreak, gure ekonomiaren sustapena, neurri handiak, herrialdeen arteko elkarlana, ... Hori guztia dela medio, 30 handiak esaten dieten azken urteotan, oso hazkunde ekonomiko handia bizi izan dugu.

Une hauetan, nire ustez, Europako promesa handi hori dela eta, Integratze prozesuan aurrera eramango gaituen gauza bakarra —guztiz beharrezkoa baita topatuko ditugun erronkei aurre egiteko— Europa soziala da. Hau da, Ongizatearen Estatuaren gaineko konpromisoa erdietsi zenean Estatuek egin zutena Europan barrena berriro gauzatzea —ezberdintasunak aintzat hartuz eta beharrezko parekotasunak zainduz—. Europa bidezko birbanatzerako esparrutzat hartzea lortu behar dugu, beti ere kontutan izanik herrialde bakoitzeko hautesleek ez dutela gogoko herrialdeen arteko errenta transferentziak gertatzea. Europako herritarrek ulertu behar dute Europa guztion zerbait dela, Europa ez dela batuketa hutsa, ez dela hainbat interes berezien alboratzea. Horrela ez baldin bada, ez dugu lortuko Europak behar duen bidea jorratzea.

Ilustrazioa dela medio bereizita geratu ziren Mendebaldea eta Ekialdea bateratzea posible al da? Bidezkoa da —eta zentzuzkoa— noizbait “argia piztuko zaiela” pentsatzea?

Frantziako atentatuak gertatu zirenean, azken hauek alegia, oso eztabaida interesgarria gertatu zen mendebaldeko gizartea eta Islamiar munduaren gainean, eta nire ustez hainbat akats eman ziren. Akats horietako bat zera suposatzea da, bortizkeria terrorista horrek bi mundu trinkoak elkar jartzen zituela: mendebaldeko gizaki arrazionalok eta islamiar mundua (hau ere guztiz trinkoa). Baina errealitatea erabat ezberdina da. Errealitateari so eginez gero, esaterako, zera ikusiko dugu Europan 40 milioi musulman daudela; atentatu horretan hilda gertatu zen gizaseme bat polizia musulmana zela; bortizkeria terrorista hori beraien artean bizi duten gatazkaren ondorio dela. Oso gatazka larria bizi dute islamiar munduan, batetik Islam laikoa eta zibilizatua nahi dutenak baitaude eta bestetik atzerakoiak.

Atentatu horien inguruan, gai hau benetan ezagutzen duten hainbat lagunen azterketa irakurri nuen. Beraiek diotenez, gazte jendea Siria aldera joaten dira Islamiar Estatuaren alde borrokan egiteko eta euren gurasoek salakuntza jartzen dute desagertu egin direlako. Horrelako lagunak fededunen elkartean bertan arrotzat hartzen dituzte, Frantziako herrian bertan alegia. Hau da, Islama bera Frantzian bertan errotu da, islamistek halako bortizkeria justifikatzeko behar baino gehiago alegia. Aldi berean, Islamaren barruan oso zatiketa handiak daude, guk geuk uste izaten dugunak baino handiagoak. Gustatuko litzaieke, bortizkeria darabilten horiei, islamiar mundu osoarekin parekatzea, bat ez badatoz ere.

Berez, Almodovar-en pelikula bat datorkit burura, “Mujeres al borde de un ataque de nervios”. Bertan, arabiar mutila zuen emakume batek, hori utzi eta gero, zera esaten zuen: “arazo larria daukat arabiar munduarekin”, eta beste batek zera erantzuten dio: “ez, kontua da arabiarra den mutilak utzi egin zaituela, baina horrek ez du esan nahi arabiar munduarekin arazoa duzunik”. Zenbait kasutan, gauzak sailkatu eta mugatu egiten ditugu: mendebaldea, ekialdea, islamiar mundua, gu, beraiek, ... Oso erkaketa sinpleak egiten ditugu eta gure mundua askoz nahasiagoa da, zatituta dago, integratuta, guk uste baino gehiago. “Ziur asko ez genuke hainbeste pentsatu behar Estatuaren egituretan, eta aitzitik gertaeren eskutik benetako askatasunaren gaineko errealitateei heldu beharko genieke, eta hori errazagoa gertatzen zaie herrialde txikiei tradizio handiko estatuei baino”.

Euskal Herrian nonahi sumatzen den kezka: gutxiengoen kultura honek zer etorkizun izan dezake gero eta uniformeagoa den mundu honetan?

Nire ustez, kasu honetan ez da tamaina kontua, bizitzako beste hainbat arlotan gertatzen den bezala. Berez, herrialdea txikia izanik, langilea, jakituna eta sendoa baldin bada, ez du zertan beldurrik izan behar halako esparru ireki eta globalizatuan. Une honetan egitura geopolitiko berri baterantz goaz —Josep Colomer nire lagunak dioen bezala—, eta bertan inperio handiak eta herrialde txikiak izango ditugu. Hau da, hedapen handiko espazio integratuak izango ditugu, esaterako Europar Batasuna, Mercosur edota Nafta bezalakoak. Esparru handiak dira, eta horietan batasunaren neurri nagusia ez da Estatua, eremu zabalagoak eta elkartuagoak baitira. Era berean, herrialde txikiak garatzen ari dira, oso lotura trinkoa duten espazio txikiak dira, nortasun handikoak, bizkorrak, mundu horretan barrena mugitzeko erraztasuna baitute. Eta erdian dagoen egitura Estatu-nazioa egitura litzateke. Horixe izan daiteke gehien sufritzen ari den egitura munduaren eraldatze berri honetan.

Gaur egun nik kezka handiagoa izango nuke nazio-estatuen tradizioa, indarra baina makaltasuna duen estatu baten kidea izango banintz. Zenbaitetan zera esaten dut erdi txantxetan: Kataluniako erreferendumean bozkatu beharko banu, nik ez/bai bozkatuko nuke. Hau da, ez dut Estatua nahi baina bai, independentzia nahi dut, eta hori ez da probokazio hutsa.

Ziur asko ez genuke hainbeste pentsatu behar Estatuaren egituretan, eta aitzitik gertaeren eskutik benetako askatasunaren gaineko errealitateei heldu beharko genieke, eta hori errazagoa gertatzen zaie herrialde txikiei tradizio handiko estatuei baino. Daniel Innerarity (Bilbao, 1959) www.danielinnerarity.es
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Francisco Castilla Urbano. Ideien historialaria: Julio Caro Baroja jakinduria trinkoko gizona izan zen, hori bere ikuspegi pertsonalarekin uztartuz

 

Irakurri

Arantxa Urretabizkaia. Idazle eta kazetaria: Euskal literatura bere historia osoan egon den momenturik hoberenean dago

 

Irakurri

Adelaide Daraspe. Euskaldunak Quebeceko lehendakari ohia: Lan handia egiteko gelditzen da munduko eta Euskal Herriko euskaldunak hurbiltzeko

 

Irakurri

Jesus Arzamendi. Euskaltzale, euskaldun berria: Mundu ezezagun bat deskubritu nuen euskararekin

 

Irakurri

Pedro Anitua Aldekoa. Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria: Hiri ordenamenduak zerikusi handia dauka kalteen murrizketan

 

Irakurri