Mariasun Landa eta Jean-Baptiste Orpustanek jasoko dute Eusko Ikaskuntza ? Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzia Saria 2014.
Mariasun Landa Etxebeste idazleak eta Jean-Baptiste Orpustan Euskal Lexikologian eta Literaturan adituak lortu dute Euskal Herriko curriculum nabarmenenei ematen zaien Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzia Saria.
Eusko Ikaskuntzaren jarduera eremuko zazpi unibertsitateetako Errektoreen ordezkariek, Eusko Ikaskuntzako Presidenteak eta Laboral Kutxako Lurralde Zuzendariak osatutako epaimahaiak nabarmendu du Mariasun Landak Euskal Herrian zein atzerrian duen proiekzioa eta bere lanen ikuspegi kritiko eta berritzailea. Gainera, epaimahaiaren ustez, Mariasun Landak euskal kultura bultzatu du zentzurik zabalenean eta “xumetasunetik aldaketa sozialaren alde egin duen idazlea” da.
Jean-Baptiste Orpustanen kasuan, Eusko Ikaskuntza – Laboral Kutxa Sariak 2014. edizio honetan, bereziki Iparralden euskal kulturaren erreferente denari onarpena egiten dio, izan ere “onomastika, euskal literatura eta itzulpen literarioko alorretan bere ezagutza garatu” du eta ibilbide “koherente eta konprometitua” izan du.
MARIASUN LANDA ETXEBESTE ( Errenteria, 1949) Sorbonako Unibertsitatean Filosofian lizentziatua da (1973) eta Filosofia eta Letretan lizentziatua Valentziako Unibertsitatean. Egun, Maisutza Unibertsitate Eskolako (UPV-EHU) Didaktika irakasle titularra da.
Euskal Herriko aldizkari eta egunkari askotan kolaboratu du eta bere sorkuntza lana haur eta gazteen euskal literaturan oinarritu da batez ere.
Haurrentzako hogeita hamar titulu ingururen egilea da, bere lanetako asko gaztelera, katalan, galiziar zein atzerriko beste hizkuntzetara itzuli dute: ingelesa, frantsesa, alemana, grekoa, arabiarra, korearra, albaniarra. Bere nobela autobiografikoa argitaratu zuen 2007 urtean: La fiesta en la habitación de al lado. .
Hainbat sari jaso ditu bere literatur lanarengatik: 1982ko euskarazko Haur Literaturako Lizardi Saria, 1991ko Haur eta Gazteen Euskadi Literatura Saria, Espainiako Kultura Ministerioak ematen duen 2003ko Haur eta Gazteen Literatura Sari Nazionala, 2008ko Hans-Christian Andersen Nazioarteko Sarirako Hautagaia, Donostiako Udalak ematen duen Hiritarraren Merituari Domina 2004ean, 2004ko Errenteria Hiriko domina, 2011 urtean Dabilen Elea Saria jaso zuen bere literatura lan oparoaren omenez.
?
JEAN-BAPTISTE ORPUSTAN (Ortzaize-Ossés, 1934) euskal lexikologia eta literatura espezialista nagusienetakoa da.
Unibertsitateko ohorezko irakasle, Paris-Sorbonako Unibertsitatean lizentziatu zen Letra Modernoetan 1958. urtean eta Bordelen lortu zuen doktoretza 1984ean Nom et statut de la maison basque médiévale en Basse-Navarre, Labourd et Soule: étude d’histoire et de toponymie médiévales izeneko tesiarekin.
Euskara eta literaturaren historia zein euskararen itzulpengintzaren inguruko lan eta artikulu ugari egin ditu, bere esfortzuetako asko toponimia, morfologia lexiko eta lexikografia ikertu eta bultzatzera bideratu ditu.
Pierre Bidartekin batera Baigorriko Izpegi argitaletxea sortu zuen eta Lapurdum hizkuntza eta testuetan espezializatutako euskal ikaskuntza aldizkaria sortu zuen 1996an, Baionako Diziplina anitzeko Fakultatearen lehiaketarekin IKER ikerketa zentroak argitaratua.
Besteak beste argitaratu ditu: Toponymie basque (1990), 1789 et les Basques (1991), La Révolution française dans l'histoire et la littérature basques du XIXe siècle (1994), La langue basque parmi les autres (1994), Précis d'histoire littéraire basque, 1545-1950: cinq siècles de littérature en euskara (1996), La langue basque au Moyen Âge: IXe-XVe siècles (1999), Les noms des maisons médiévales en Labourd, Basse-Navarre et Soule (2000), Dictionnaire toponymique des communes (2005), eta Nouvelle toponymie basque: noms des pays, vallées, communes et hameaux historiques de Labourd, Basse-Navarre et Soule (2006).
Bere azken lana Marcel Prousten À la recherche du temps perdu / Du côté de chez Swann lanaren itzulpena da, izenburu hau jarri dio: Zuanen etxealdean (2013).
Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa 2014 emateko saria oraindik zehaztu gabe dagoen egun batean emango da Donostiako Miramar Jauregian.
?
?
