Irakasleen papera eta euskararen biziberritzea ardatz, gogoeta sakona Gasteizen.
Azaroaren 8ko goizean, Gasteizko Europa Jauregian bildu ziren hezkuntza arloko profesionalak eta ikerlariak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Eusko Ikaskuntzak antolatutako gogoeta foro partehartzailean. Topaketak izenburu esanguratsua zuen: “Zer esan nahi du irakasle izateak Euskal Hezkuntza Sisteman?”, eta euskararen zein euskal kulturaren transmisioan irakasleek gaur egun duten rola eta erronkak jarri zituen erdigunean.
Foroa bi erakundeen arteko lankidetza marko zabalago baten baitan kokatzen zen. Horren lehentasun nagusietako bat izanik irakaslearen lanbidearen garapenari buruzko gogoeta-gune bat zabaltzea. Iazko jardunaldian irakaslea “aldaketa eragile” gisa jorratu bazen ere, aurten arreta euskararen eta euskal kulturaren biziberritzean eta transmisioan duten funtsezko eginkizunera bideratu da. Testuinguru horretan, foroaren helburua izan zen galdera nagusiari modu partekatuan erantzutea eta zein ezaugarri, trebetasun eta baldintza behar diren irakaslearen rola sendotzeko eta etorkizuneko erronketara egokitzeko.
Sarrerako hitzaldian, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak irakasleen eginkizun estrategikoa azpimarratu zuen. Haren hitzetan, «ikaslearenganaino iristen den motor garrantzitsuena da irakaslea», eta hizkuntza-lidergoaren eta pertsonen kudeaketaren arteko lotura estua nabarmendu zuen. Era berean, azpimarratu zuen zuzendaritza taldeek eta irakasle erreferenteek egunez egun egiten duten lana funtsezkoa dela hezkuntza-sistema eraldatzeko.
Jardunaldiak bi une nagusitan egituratu zen. Lehenik, inspirazio unea izan zen: hurbilketa teorikoak eta esperientzia praktikoetan oinarritutako ekarpenak entzun ziren. EHUko Maialen Oiartzun eta HUHEZIko Letizia Garcia ikerlariek irakasleen prestakuntzaren hiru faseek —hasierakoa, laneratze-aldia eta etengabeko prestakuntza— planteatzen dituzten erronken irakurketa kritikoa eskaini zuten, beti ere hizkuntzaren biziberritzearen ikuspegia oinarri hartuta. Hainbat elementuz osaturiko “motxila profesionala” erabili zuten garapen prozesuaren metafora gisa: ordenatu, eguneratu eta elementu berriez hornitu beharreko karga, irakasle ibilbidearekin batera hazten dena.
Ondoren, Hik Hasiko Ainhoa Azpirotzek gidatutako mahai-inguruan, hainbat ikastetxetako irakasleek —Maite Antxustegi (Anaitasuna Ikastola, Ermua), Lorea Gabiola (IES Miguel de Unamuno BHI, Gasteiz), Fernando Blanco (IES Minas BHI, Barakaldo) eta Kristina Bernal Etxebarria (Elgoibar Ikastola)— euren eguneroko praktika eta euskararen zein euskal kulturaren transmisioarekin lotutako proiektuak partekatu zituzten. Haien testigantzek nabarmendu zuten testuinguruaren eta pertsonen arteko lotura estua, eta ikastetxe-proiektuak neurri handi batean baldintzatzen duela irakasleen jarduna eta balio-orientazioa. Argiro azaldu zuten irakasleen “motxila profesionala” bizipen, erronka eta konpromiso konkretuen bidez eraikitzen dela.
Bigarren unea parte-hartze kolektiboari eskaini zitzaion. Parte-hartzaile guztiek batera hausnartu zuten, ikuspegi anitzetatik egungo egoeraren diagnostikoa osatuz eta etorkizuneko norabideak irudikatuz. Helburua ez zen soilik egungo testuingurua argazki batean jasotzea, baizik eta etorkizunerako bide-orria modu partekatuan marrazten hastea.
Jasotako ekarpenekin prestatuko den txostena parte-hartzaileei bidaliko zaie, azken ekarpenak jaso eta behin-betiko txostena osatzeko.

