Meritu hauek nabarmendu ditu epaimahaiak: zientzian, irakaskuntzan eta arlo zibikoan jasotako ezagutza, indarkeriaren biktimak aitortzeko konpromiso aktiboa, Latinoamerikako herri indigenen giza eskubideen defentsa eta desgaitasun intelektuala duten pertsonei emandako babesa.
Xabier Etxeberria Mauleónek irabazi du 2025eko Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Saria, 1995az geroztik humanitateen, kulturaren, arteen eta gizarte-zientzien alorretako curriculumik onenak bereizten dituena. Sariduna aukeratzeko zereginetan, bi erakunde antolatzaileekin batera, Eusko Ikaskuntzaren geografia-eremuko zazpi unibertsitateetako eta Musikene – Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegiko ordezkariek hartzen dute parte.
Arroitzen jaio zen Xabier Etxeberria, 1944an. Filosofian doktorea eta katedradun emeritua da Deustuko Unibertsitatean. Irakasle-ibilbidean, arlo hauek landu ditu: Etika Filosofikoa, Lanbide Juridikoen Etika, Antropologiaren Etika eta Gizarte Lanaren Etika.
Ibilbide luze, emankor eta sakoneko pentsalari eta ekintzaile soziala izanik, identitate kolektiboak etikaren eta giza eskubideen ikuspegitik ulertzeko ahaleginen emaitza dira haren gogoeta asko eta irakaskuntza- eta dibulgazio-lana.
Nabarmena izan da Pedro Arrupe Institutuaren bidez Latinoamerikako herri indigenen giza eskubideen alde egin duen lana.
Bakearen eta indarkeriarik ezaren aldeko militantea izan da gaztetatik, eta gogotsu aritu da Euskal Herriko indarkeriaren biktimen bidegabeko sufrimenduaren aitortzan oinarritutako elkarrizketa eta adiskidetza sustatzen. Konpromiso horrek bultzaturik, Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundean eta Bakeaz – Bakeari buruzko Dokumentazio eta Ikerkuntzarako Zentroan hartu du parte; hain zuzen ere, zentro horretako hezkuntzaren arloko arduraduna izan da. Era berean, partaidetza aktiboa izan du biktimen testigantza entzuteko programan, «Adi-Adian hezkuntza-moduluaren» bidez —lehen Biktima Hezitzaileak—, baita Eusko Jaurlaritzako Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren «Topaketa Errestauratiboen» programan ere.
Xabier Etxeberriak buru-belarri jardun duen hirugarren gizarte-taldea adimen- eta garapen-desgaitasuna duten pertsonena da. Horien eta horien familien eskubideen inguruko laguntza, aholkularitza eta ikerketa bultzatzeko sortu zen Plena Inclusión mugimendua, eta, Etxeberria erabat inplikaturik dago bertan.
Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Sariaren epaimahaiaren aburuz, bi arrazoi daude Xabier Etxeberria Mauleónen curriculuma nabarmentzeko: batetik, gizarte plural eta, askotan, gatazkatsuen arazo etikoei heltzeko gogoeta-sakontasuna, zorroztasun intelektuala eta kalitate morala; eta, bestetik, justizia sozialaren, giza eskubideen eta pertsona kalteberen (komunitate baztertuen edo gutxiengo desgaituen) bizi-baldintzen aldeko konpromiso zibikoa, hurbilketa teorikoetan zein balio ukaezina duten ekimen praktikoetan islatu dena.
Bere hausnarketekin eta konpromiso aktiboarekin, Etxeberria Mauleón doktoreak biktimen zentraltasuna onartzen lagundu dio euskal gizarteari, eta, ondorioz, biktimak eta biktimarioak elkartzeko eta adiskidetzeko politika publikoak diseinatu dira —eta gizartea sentsibilizatzeko planekin osatu—. Ildo horretan, ez da gehiegizkoa esatea benetako erreferentzia moral eta teorikoa izan dela Euskal Herrian bizikidetza berrezartzeko bide luzean.
Beraz, epaimahaiaren iritziz, Xabier Etxeberria Mauleónek merezi du 2025eko Eusko Ikaskuntza – LABORAL Kutxa Saria, zientzian, irakaskuntzan eta arlo zibikoan jasotako ezagutzagatik, herrialde barruan zein kanpoan justizia sozialaren alde egindako ibilbideagatik eta gure gizarteek bultzada etiko bat behar duten une historiko honetan egindako ekarpenaren esanahi bereziagatik.
Eusko Ikaskuntza-LABORAL KUTXA Gazte saria
Eusko Ikaskuntza-LABORAL Kutxa Gazte Sariak osatu du 2025eko edizioaren palmaresa. Sari horrek 35 urtetik beherako gazteek humanitateen, kulturaren, arteen edo gizarte-zientzien alorretan egindako sorkuntza- eta ikerketa-lanak babesten ditu 2019az geroztik. Joan den apirilean jakinarazi zutenez, aurtengo irabazlea Jon Esnaola Agirre konpositore tolosarra izan da, LUUR, Néstor Basterretxearen oroimenez izeneko musika-proiektuagatik.
Bi sariak emateko ekitaldirako data zehazteko dago oraindik.