Arturo Campion eta Eusko Ikaskuntza: aitzindarien historia

Article

03/01/2018

Arturo Campion eta Eusko Ikaskuntza: aitzindarien historia

Eusko Ikaskuntzaren mendeurrena ospatzeko prestaketan buru-belarri murgilduta gaudela, honako galdera hau bururatu zaigu: Zergatik aukeratu zuten erakundearen sortzaileek, 1918an, Arturo Campion Jaime-Bon ohorezko lehendakari? Ulertzen dut kontu horrek, gure erakundearen historian esanguratsua bada ere, batere garrantzi sozialik ez izatea hasiera batean. Eta gaur egun, izatekotan, beste zerbaiten ondorioz da, hain zuzen ere legelari, politikari, idazle eta euskaltzale horren inguruan Nafarroako Parlamentuan sortutako liskarraren ondorioz —liskar tamalgarria, bide batez esanda—. Lerro gutxi batzuetan, Arturo Campion nor izan zen azaltzen saiatuko naiz, betiere Eusko Ikaskuntzaren ikuspegitik.

Hasteko, testuinguruaren barruan jarriko dugu gaia. Eusko Ikaskuntzen Lehen Kongresuaren ondoren (Oñati, 1918), Eusko Ikaskuntza sortu zen, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako Foru Aldundien ekimenez, euskal kultura garatzeko tresna egonkorra eta iraunkorra izateko xedez. Erakunde jaioberriak lurralde guztietako gizon-emakumeak erakartzea lortu zuen, ia-ia ideologia guztietakoak eta askotariko interes intelektualak eta sormenezkoak zituztenak. Irrika berritzaile eta eraldatzailea zuen jendea. Artean elementu egituratzailerik ez zuen Euskal Herriaren zale guztientzako elkargune bihurtu zen Eusko Ikaskuntza. Hori erakundearen zeregin praktikoan egiaztatuko zen, baina baita haren proiekzio sinbolikoan ere. Eta hortxe kokatu behar dugu Arturo Campion Eusko Ikaskuntzako ohorezko lehendakari izendatu izana, 1918ko azaroaren 22an.

Hainbeste erakunde tartean zirela, susma liteke izendapen hura interes politiko jakin batzuen ondorio izatea. Baina oso zalantzazkoa izango litzateke uste hori. Izan ere, Campion inoiz ez zen ezein alderditako militantea izan, nahiz eta ibilbide politiko bizia izan eta, ibilbide horretan zehar, errepublikanismo federalaren, nazionalismo sui generis baten, integrismo heterodoxoaren eta, azkenik, sustrai katolikoko federalismo foruzalearen artean kulunkatu. Liskarzale eta erratikoa, kontraesankor eta indibidualista («indibidualismoa da euskal izaeraren ezaugarri nagusia», esan ohi zuen) eta desadostasunaren ahots irmoa izan zen Campion, txori libre bat, azken karlistadatik 1936ko kolpe militarrera bitarteko asalduzko urte nahasi haietan.

Beste nafar ospetsu batzuekin batera, Asociación Euskara de Navarra elkartea sortu zuen eta 1878 eta 1883 artean Nafarroako eta Euskal Herri osoko giro kulturala bikain asko suspertu zuten. Euskara, literatura eta historia vasco-navarroa iraunarazi eta hedatzeko, gure legeria aztertzeko eta Herrialdearen ongizate moral edo materiala lortzeko ahaleginetan Eusko Ikaskuntzaren lehen aurrekaritzat hartu daiteke.

Oroz gain, haren ibilbidea eta ospea izan ziren orduko hirurogeitaka urteko gizon ohoragarri haren izendapenaren arrazoia. Eusko ikaskuntzetan ordena eta metodoa jarri eta, amateurismoaren eta arinkeriaren ordez, zorroztasuna eta garai hartako nazioarteko estandarrak aplikatu zituzten lau handietatik zaharrena zen Arturo Campion (T. Aranzadi, R.M. Azkue eta J. de Urquijo izan ziren beste hirurak).

Gure foru-sistemaren ikerketa historiko-instituzionalari heldu zionean ohartu zenez, «euskal herriaren fakzioak, historikoki estatuetan antolaturik, benetako nazioak izan ziren», eta Espainiako Monarkiaren osagai, elkar aitortzeko itunen bidez. Baina, XIX. mendetik aurrera, itun horiek errespetatzeari utzi zion Estatuak. Campionen iritzian, euskal independentzia abiapuntua zen, ez helmuga. Berez, inoiz ez zuen bere burua independentistatzat hartu.

Euskalerriaren alde izan zen gizon haren lema. Uste osoa zuen euskal herriaren funtsezko bereizgarria hizkuntza zela, eta inondik ere ez arraza. Ideia horrekin bat, euskara ikasi zuen 25 urte zituela. Ikerketa etimologikoak, gramatikalak eta toponimikoak landu zituen, harik eta «gai hartan aditu handia izan arte», Unamunok aitortu zuenez. Horrez gain, literatura-obra eskerga sortu zuen, molde mitiko eta erromantikoduna, euskal kausaren aldeko kontzientzia sustatu eta oinarri sinboliko eta narratiboaz aberasteko.

Historialaria, literaturagilea, hizkuntzalaria eta euskal ideien babesle nekaezina izan zen Campion. Horrez gain, duela ehun urte ere politikoki eztabaidatua izan bazen ere, zientifikoki eta intelektualki inork ez du zalantzan jarri. Bi gerra zibilen artean bizitzea egokitu zitzaion arren, beti defendatu zuen kulturaren balioa indarkeriaren gainetik. Ez zitzaion meriturik falta, beraz, 1918 eta 1936 bitartean Eusko Ikaskuntzako ohorezko lehendakaria izateko.

Partager:
Facebook Twitter Whatsapp