Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria

2017. Montxo Armendáriz

2017. Montxo Armendáriz

Eusko Ikaskuntzaren jarduera eremuko zazpi unibertsitateetako Errektoreen ordezkariek, Eusko Ikaskuntzako Lehendakariak eta Laboral Kutxako Lurralde Zuzendariak osatu dute epaimahaia. " Honoris Causa Doktore izendatu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2010ean” azpimarratu dute epaimahaikideek. “Azken 30 urteetako funtsezko zinema-zuzendarietako bat da. Bere lanak oso modu berezian irudikatzen du belaunaldi oso bat, tokiko esparrutik harantzago joan diren eta publiko zabalari iristea lortu duten egunerokotasuneko istorioetan oinarrituta. Bere lan askotan, Euskal Herriaren alderdi bisualak, kulturalak eta etnografikoak islatzen dira".

Egindako lan horri esker, sari ugari jaso ditu erakunde publikoen nahiz sektore zinematografikoko bere lankideen aldetik: 1998an Vianako Printze Saria, 1998an Zinema Sari Nazionala, 2008an Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria eta 2015ean San Francisco Javier Saria. Oscar Sarietarako izendapena jaso zuen, Donostiako Urrezko Kontxa jaso zuen eta hainbat Goya Sari eskuratu ditu.


Montxo Armendáriz (Oleta, 1949). Montxo Armendárizek elektronika ikasi zuen Iruñea eta Bartzelonan eta hori irakasten aritu zen. Barregarriaren dantza laburmetraia izan zen bere lehen zinema lana eta Bilboko Nazioarteko Zine Dokumental eta Laburmetraia Lehiaketan bi sari lortu zituen, baita Kultura Ministerioaren “Especial Calidad” saria ere. Lortutako diruarekin, 1980ean Ikusmena errodatu zuen. Ikuska seriaren baitan, Armendárizek Nafarroako Erriberako 11. zenbakia zuzendu zuen. Urte berean, 1981ean, Vianako Printzea erakundeak Nafarrako ikazkinak/Carboneros de Navarra proiektua lagundu zuen diruz, lanbide zahar honen azken langileen ingurukoa. Anastasio Ochoa protagonistaren biografiaren bitartez osatu zuen Armendárizek bere lehenengo luzemetraiko gidoia, Tasio (1984), Elías Querejetak babestu zuen produkzioa. 

1986an Donostiako Zinemaldiko Zilarrezko Maskorra lortu zuen 27 ordu lanarekin, drogomenpekotasunean eroritako gazteen bizitzaren bidez kontatzen zen denboraren inguruko historia. Las cartas de Alou (1990) bere hurrengo lanak, gure mugetatik kanpo ere lortu zituen sariak, baita Gidoi Originalenari emandako Goya Saria eta Donostiako Urrezko Maskorra. 

Gazte nihilismoaren inguruko alegato zorrotza den Historias del Kronen (1995) filmarekin bere takila arrakasta handiena lortu zuen, baita kritika eta profesionalen onarpena ere, izan ere, bere bigarren Goya eman zioten gidoigile gisa egindako lanagatik. 

Secretos del corazónekin 1997ko Berlineko Jaialdiko Europar Filma Hoberenaren Saria lortu zuen eta Oscarretara Atzerriko Filma Hoberenerako hautagai izan zen. 2001ean Espainiako makien mugimenduan girotutako historia eraman zuen pantailara: Silencio Roto. Escenario móvil dokumentalaren bidez, 2005ean, Bernardo Atxagaren literatur mundua, Obaban, egokitu zuen,  New Yorkeko Ikuskizunaren Kronista Zinematografikoen Elkarteak Urteko Pelikula izendatu zuen. 

1998an Montxo Armendárizek Kulturaren Vianako Printzea saria lortu zuen eta Espainiako Zine Saria ere bai, Premio Nacional de Cinematografía. Bere azken filma No tengas miedo izan zen, 2011an. 2008an, Eusko Ikaskuntzako Manuel Lekuona Saria eskuratu zuen, obra osoaren aitorpen gisa. Eta 2010ean, Honoris Causa Doktore izendatu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoak.

Sari emate ekitaldia 2017 urteko udazkenean gauzatuko da.

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxaren Humanitateak, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Saria