Agenda

Manuel Larramendi. Bere heriotzaren 250. urteurrenean

Jardunaldiak, hitzaldiak eta ikastaroak

Manuel Larramendi. Bere heriotzaren 250. urteurrenean

Ordutegia eta data:
2016/12/14 18:30 - 20:00
Tokia:
Eusko Ikaskuntzaren Bilboko egoitzan (Elkarbizitzaren Enparantza 10, -Isozaki Dorretan-)

Manuel Larramendi jesuitaren irudia entzutetsuenetarikoa da Euskal Herriko historiografian. Pertsonaia ospetsua XVIII. mendeko Espainian kultura eta politika  arloetan. Gortetik eta unibertsitate mundutik egin zizkioten gonbidapenei muzin eginez, euskarari, euskal kulturari eta euskal gizarteari eskaini zien bere bizitzaren ekimen nagusia. Izan ere, horregatik eta bere borondate hutsez  hautatu zuen Loiola, non helburu horri, zendu zen arte, 40 urtetik gora eskaini zizkion. Euskarari dagokionez, gaurko ikuspegitik begiratuz gero, esan daiteke bera izan zela ezinbestekoa euskararen  ezagutza, zabalkunde eta haren aldeko lanean, eta oinarri sendoa  ezarri ziona, euskararen defentsaz gain, haren gramatika eta hiztegia eginez eta euskaldunen artean zeuden hainbat aurreiritzi eta  praktika txarren aurka ahaleginduz eta euskararen erabilera indartuz. Aitzindari hainbat esparrutan, eragin handia izan zuen bere garaiko eta hurrengo mendeetako euskaltzale eta idazleengan, XIX. mendekoetan batez ere, eta bera izan zen, ezbairik gabe, erreferente nagusia.

“Ezagutza partekatuz” proiektuaren ildoan, “Iraganetik etorkizunerantz” garatu ditugun aurreko saioetako gaiarekin lotu daiteke hau ere, neurri on batean, Larramendik XVIII. mende inguruko Frantziako errealitatea ezagutzeko aukera izan baitzuen. Mariana de Neoburgo erreginaren konfesore bezala Baionan egon zenean, aukera izan zuen garaiko egoeraz jabetzeko, bai Frantziakoari nola Espainiakoari zegokienez ere. Bestalde, ezaguna da Loiolan egon zen epe luze hartan Larramendik gizarte euskaldunean izan zuen eragina, Gipuzkoakoan bereziki. Herriari zion atxikimenduak aukera ezin hobea eman zion dena ongi ezagutzeko eta herrian bertan murgiltzeko. Horren ondorioz, Sobre los Fueros lana idatzi zuen, non bere ideiez eta Euskal Herriaren etorkizunaz hitz egiten duen, euskaldunek Espainiako erresumarekin zituzten harremanak aztertuz, Frantziakoarekikoak ere baztertu gabe. Egoera konstituzionala eta Foruen osasuna zehatz aztertzen ditu, beti ere gero eta ahulago ikusten zuen euskaldunen izaera eta nortasuna gorde nahi zuelarik. Hori dena, Gipuzkoa inguruan kokatzen badu ere, gainerako lurraldeak ez ditu begi-bistatik galtzen.

Beraz, Eusko Ikaskuntzak, urteurren berezi honetan, andoaindar ospetsuaren memoria eta lanak jaso nahi ditu eta zabaldurik dauden elkarrizketa hauetan hura gogoratu eta  omendu.

Hainbeste gai ezberdin erabili eta garatu zituenez, ez da erraz lan esparrua mugatzea. Hala ere, orain arte landu den gaiaren ingurua kontutan harturik, interesgarria  izan daiteke hurrengo eskema hau:

  • Bere garaian eta inguruan kokatzen duten zenbait zertzelada biografiko.
  • Lanen aurkezpena.
  • Herriaren inguruko ideia-soziopolitikoak eta geroari buruz egin zituen proposamenak.

Irakurketa gomendatuak

  • Egokiena, Larramendiren obra bera irakurtzea litzateke: Sobre los fueros de Guipúzcoa. Conferencias curiosas, políticas, legales y morales sobre los Fueros de la M.N. y M. L. Provincia de Guipúzcoa. (Ed. Sarrera, Oharrak eta Gehigarriak,  J. Ignacio Tellechea Idígorasena), Donostia/San Sebastián, SGPE, 1983.
  • Bere bizitza eta obrari buruzko hurbilketa bat, Auñamendin: http://www.euskomedia.org/aunamendi/85863/63206
  • Ikus ere: http://www.euskara.euskadi.net/appcont/sustapena/datos/mlarra.pdf
    http://www.euskaltzaindia.net/dok/euskera/50184.pdf
  • Manuel Larramendi, Hirugarren Mendeurrena (1690-1990), Andoain, 1992, liburuaren “Historia” izenburua duen atala ere interesgarria da. Batez ere, historia eta jesuitaren ideia soziopolitikoaren ingurukoa, alegia. Ikus, batez ere,  65-149. Orrialdetan daudenak. Artikuluak hauek dira: Arzalluz Antia, X.: “Las ideas políticas de Larramendi”; Fernandez de Albadalejo, Pablo: “Imposible vencido, imposible vencida: la provincia invencible de Manuel de Larramendi”; Monreal Zia, G.: “Larramendi: madurez y crisis del régimen foral” y Elorza, A.: “El protonacionalismo de Larramendi”.
    Nahi izanez gero, azken lan honen obra Internetetik PDF formatuan jetxi daiteke. Helbide honetan dago: http://docplayer.es/17137487-Manuel-larramendi-hirugarren-mendeurrena-1690-1990.html. Gomendatutako artikuluak 81-165. orrialdetan daude. 

Egitaraua

Ekitaldia, abenduaren 14ean izango da, Eusko Ikaskuntzaren Bilboko egoitzan (Elkarbizitzaren Enparantza 10, -Isozaki Dorretan-), arratsaldeko 6:30etan, dinamika honen arabera:

  • Gaiaren aurkezpena: Joseba Agirreazkuenaga jauna.
  • Jarraian, parte hartzeko txanda: galdera, elkarrizketa, eztabaida.
  • Azken ondorioak.

Ekitaldia euskaraz izango da eta ordu t’erdiko iraupena izango du.

Bileraren antolaketari begira, biziki eskertuko genizuke abenduaren 5a baino lehen adieraziko bazenigu etortzerik izango duzun jarraian egokitutako formularioan izena emanez.