Udalak, memoria historikoarekiko konpromisoa

Berri korporatiboak

2017/09/21

Udalak, memoria historikoarekiko konpromisoa

Ugari izan dira azken hilabeteotan, Eusko Ikaskuntzarekiko lankidetza hitzarmenen baitan, memoria historikoa berreskuratu, aztertu eta kontserbatzeko lanak aurrera eraman dituzten udalak.

Antzuolako udalarekin ekainean adostu zen herrian ospatzen den Moroaren alardeari buruzko ikerketa historiko bat abian jartzea. Lourdes Odriozola izanen da ikerketa burutuko duen aditua eta helburua antzuolar komunitatearen autoafirmazio errito nagusia den festa honen sorrera eta bilakaera ezagutzea da, bere berezitasun eta balio historikoa azpimarratuz.

Portugaleteko Udalari dagokionez, Koldo Somokueto historialariak amaitu egin du Portugaleteko hilerriari buruz apirilean hasi zuen ikerketa lana. Hurrengo hilabeteotan udalak argitaratu ohi duen “Tesoros Portugalujos” bildumaren baitan ikerketaren nondik norakoak ezagutuko ditugu.

Azpimarratzekoa da Urdulizko Udalak memoria historikoa berreskuratzeko egin duen apostua. 2013an abiatu zuen Koldo Somokuetok “Urduliz: euskal udal baten historia bigarren errepublika eta gerra zibilean zehar” proiektuaren ikerketa, Ludger Mees historialari eta EHUko katedradunaren zuzendaritzapean. Hurrengo hilabeteotan Eusko Ikaskuntzaren Lankidetzan bilduman argitaratzeko erabakia hartu du udalak.

Gainera, egindako lan oparoak jarraipena behar zuela ulertuz, ikerketa frankismoaren garaira zabaltzea adostu da, 2019. urtera arte Eusko Ikaskuntzarekin proiektu hau gauzatzeko akordio berria sinatuz.

Azkenik, Zarautzeko Udalarekiko hitzarmenaren baitan, udaleko artxiboko 228 irudien katalogazioa gauzatu da.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp